Mundua -
Kiev
Egoera 'kontrolez kanpo' dagoela dio Ukrainako lehen ministroak
Europar Batasunak argi utzi du mahai gainean jarraitzen duela luzatutako eskaintzak. Beti ere, Kievek horretarako asmoa agertzen badu eta hitzarmenaren baldintzak onartzen baditu.
Erredakzioa
Nikolái Azárov Ukrainako lehen ministroak esan duenez, oposizioko kideak Kieven egiten ari diren protestak "kontroletik kanpora" daude.
Europar Batasuneko, AEBko eta Kanadako enbaxadoreekin bilera egin du Azárovek Kieven. "Gobernuak esku artean duen informazioaren arabera, parlamentuko eraikina indarrez hartzeko prestatzen ari dira", adierazi du lehen ministroak.
"Egoera aldatu egin da. Segurtasun indarrei ez diegu ardurarik kenduko, baina ekintza hauetara gehitu diren politikariek egoera erradikalizatu egin dute", esan du.
Protesta ekintzak "jendetsuak" izatetik "kontrolez kanpo" egotera igaro direla azpimarratu du, "edo hobe esanda, indar politiko zehatz batzuek zuzenduta".
"Estatu kolpe baten zantzu guztiak ditu honek. Oso larria da. Guk pazientzia erakusten dugu, baina ez dugu nahi gure bazkideek permisibitatea dagoela ikustea", gaineratu du.
Enbaxadoreei laguntza eskatu die. Haien herrialdeek oposizioko buruzagiengan eragin dezaten eta manifestariek indarrik erabili ez dezaten eskatu die lehen ministroak.
Ateak irekita jarraitzen duela dio EBk
Bestalde, Europar Batasunak argi utzi du mahai gainean jarraitzen duela luzatutako eskaintzak. Beti ere, Kievek horretarako asmoa agertzen badu eta hitzarmenaren baldintzak onartzen baditu.
"Gure jarrera garbia da, erreferentziako puntuak ez dira aldatu eta horiek betetzeko eskatzen jarraitzen diogu Ukrainari. Eskaintzak mahai gainean jarraitzen du, baina erreferentziako puntuak bete behar dira", azpimarratu du Maja Kocijancicek, Catherine Ashton EBko diplomazia gaietarako arduradunaren bozeramaileak.
EBko presidenteak, Jose Manuel Durao Barrosok, telefonoz hitz egin du Víktor Yanukóvich Ukrainako agintariarekin eta neurri jokatzeko eta hitzartutako konponbidea aurkitzeko eskatu dio. Protestatan gertatutakoa ikertuko duela erantzun dio Yanukóvichek.