Mundua -
Kiev
Ukrainako oposizioak zentsura-mozioa aurkeztuko du bihar
"Zentsura-mozioa eguneko gai-zerrendan lehenengo postuan egon behar da", esan du Batkivschina oposizioko alderdiko buruak.
Erredakzioa
Oposizioko talde parlamentarioek zentsura-mozioa aurkeztuko diote Nikolai Azarov lehen ministroak gidatutako Gobernuari Parlamentuan, EBaren akordioari uko egiteagatik eta liskarrengatik.
"Zentsura-mozioa eguneko gai-zerrendan lehenengo postuan egon behar da", esan du Arseni Yatseniuk Batkivschina (aberria) oposizioko alderdiko buruak, Legegileen Adiskidetze Kontseiluak izandako bilera batean. Batzarrean, Serguei Arbuzov lehen ministroordea ere izan da.
Vladimir Ribak Parlamentuko presidentearen esanetan, gaurko bileran aurkeztutako proposamen guztiak biharko saioan aztertuko dira.
Gobernuaren eraikinaren aurrean
1.000 manifestari inguruk Ukrainako Gobernuak Kieven duen eraikin nagusienaren sarbidea oztopatu dute, Viktor Yanukovich presidenteak Europar Batasunarekin akordio bat lortzearen kontra azaldu ostean sortutako liskarretan.
Oposizioak greba orokor bat egiteko deia eginzuen, eta horri erantzunda, manifestariek eraikinaren errepidea blokeatu egin dute, lorontzi, paperontzi eta edukiontziak, besteak beste, jarrita.
"Langileak ezin dira eraikinean sartu. Manifestariekin negoziatzen ari gara langileei sartzen utz diezaieten", Mikola Azarov Ukrainako lehen ministroaren bozeramale batek esan duenez. Gobernu burua ez da bere bulegora heldu, gaineratu du.
Salbuespen-egoera
Gainera, Ukrainako Gobernuak baztertu egin du salbuespen-egoera ezartzea, asteburuan istilu larriak izan ostean. Igandean liskar handiak izan ziren manifestari eta Poliziaren artean; 200 zauritu inguru ospitaletara eraman behar izan zituzten.
"Agintariak ez dira salbuespen egoera ezartzearen alde agertu", nabarmendu dio Vitali Lukianenko ministro kabineteko bozeramaleak Interfax-Ukraini agentziari.