Mundua -

Protestak Ukrainian

Istilu larriak Gobernuaren kontrako protestetan, Ukrainan

Milaka pertsona Viktor Yanukovich presidentearen eta Gobernuaren dimisioa eskatzeko bildu dira Kieven, Europar Batasunarekin elkartzeko akordioa baztertzeagatik.

Gobernuaren aurkako protestak Kieven, Ukrainia. EFE
Gobernuaren aurkako protestak Kieven, Ukrainia. EFE
Gobernuaren aurkako protestak Kieven, Ukrainia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunean sartzearen alde eta Gobernuaren kontra Kieven, Ukrainako hiriburuan, egin duten manifestazioak istilu larriak eragin ditu Poliziaren eta manifestarien artean. Itar-tass albiste agentzia errusiarrak jakitera eman duenez, tiroak izan dira eta kea dago hiriaren erdigunean. Izan ere, manifestari batzuk udaletxeari egin diote eraso eta Presidentearen egoitzan sartzen saiatu dira.

Hori horrela, Gobernuak manifestazioari jarritako debekuak ez du eraginik izan, eta milaka manifestarik hartu dute Kieveko erdiguneko Independentziaren Plaza.

Ukrainako hiriburua Victor Yanukovitxen erregimenaren kontrako protestariz bete da, Europar Batasunean sartzeko aldarrikapenak dira nagusi bertan.

Egoerak okerrera egin du orduak aurrera egin ahala, eta Gobernua salbuespen egoera ezarri edo ez hausnartzen ari da.

"Egoerari nola aurre egin aztertzen ari gara. Litekeena da astelehenetik aurrera salbuespen egoera ezartzea, baina oraindik ez da ezer erabaki", adierazi du Exekutiboaren inguruko iturri batek.

Kieveko egoerak lehen biktima politikoa eragin du: hiriko Poliziako arduradun nagusiak dimisioa eman du agenteek manifestarien kontra erabilitako "gehiegikeriarengatik".

Poliziaz inguratuta bazegoen ere, manifestariak Presidentziaren egoitzan sartzen saiatu dira, eta saiakera horretan, istilu larriak daude Poliziaren eta manifestarien artean.

Victor Yanukovitxek uko egin zion Europar Batasunean sartzeko akordioari, Bruselak inposatutako baldintzak gehiegizkoak zirela iritzita, eta horrek protestak piztu zituen.

Gaurko manifestazio jendetsuarekin, herritarrek Europar Batasunaren baldintzak onar ditzala exijitzen diote presidenteari, EBn sartzeko bideari ekiteko. Baina Yanucovitxentzat "umiliagarriak" dira baldintza horiek, legedia egokitzea eta aldatzea eskatzen baitiote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Ukraina azken orduko Gaurko titularrak Albisteak Protestak gaur