Mundua -

Varsovia

Konpromisorik ez, klima aldaketaren goi-bileran

Hala eta guztiz ere, 2015ean itun zabala eta loteslea egiteko ibilbide orria ezarri dute, eta aldaketa klimatikoarekin lotutako fenomenoen biktimei laguntzeko plana abiarazi dute.

Protesta, Varsoviako goi-bileraren atarian. Argazkia: Efe
Protesta, Varsoviako goi-bileraren atarian.
Protesta, Varsoviako goi-bileraren atarian. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Varsoviako Klima Aldaketari buruzko goi-bileran (COP19) parte hartu duten 200 estatuek ez dute CO2 isuriei buruzko konpromisorik adostu, baina azken orduan akordioa lortu dute 2015ean itun zabala eta loteslea egiteko ibilbide orriaren inguruan, eta aldaketa klimatikoarekin lotutako fenomenoen biktimei laguntzeko plana abiarazi dute.

Bi urte barru, Pariseko 2015eko goi-bileran, behin betiko akordioa lortzeko egutegi bat ezartzea zen goi-bileraren helburu nagusia, eta bidea luzea izango bada ere, prozesua ez da eten Varsovian, eta beste urrats bat egin dute.

"Konpromiso" hitza saihestu dute

Ibilbide orria txosten batean idatzi dute, eta negutegi efektua eragiten duten gas isurketen inguruan "konpromiso" hitza erabiltzea saihestu dute, eta azkenean "ekarpenak" ezarri dituzte.

Hori ez da Europar Batasunak espero zuena, baina garapen bidean dauden herrialdeentzat oso ona izan da, Indiarentzat eta Txinarentzat bereziki.

Egutegia

Connie Hedegaard Europar Batasuneko komisarioak aitortu du oso zaila izan dela goi-bileran akordioa lortzea, baina Parisera iritsi aurretik estatuek gas isurketa konpromisoak plazaratzeko egutegi bat ezartzea oso garrantzitsua izan dela azpimarratu du.

Hori horrela, Europar Batasunak gas isurketa konpromisoak 2014 hasieran bertan aurkeztuko ditu.

Anomalia klimatikoen biktimak

Itxi duten azkeneko akordioa anomalia klimatikoen (urakanak eta uholdeak) biktima diren herrialdeei laguntzeko sistemen ingurukoa izan da, azken asteotan eztabaidagai izan dituzten puntu garrantzitsuenetako bat.

Laguntzak emateko sistema horren inguruan erabakiak hartzeko lantaldea osatu dute, eta 2014ko martxoan egingo du lehenengo bilera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa munduan Munduko albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Ekologia azken ordukoa Larrialdi klimatikoa albisteak Polonia albisteak Itun berde berria