Mundua -

Udal hauteskundeak Kosovon

Boto-emaileen kontrako erasoak eta parte-hartze txikia, Kosovon

Lehen aldiz, Kosovoko lurralde osoan izan dira udal-hauteskundeak. 1,7 milioi herritarrek zuten boto eskubidea, eta horietatik gehienak albanokosovarrak ziren.

Bi pertsona botoa ematen Kosovoko hautesleku batean. EFE.
Hauteskundeak Kosovon
Bi pertsona botoa ematen Kosovoko hautesleku batean. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kosovon udal hauteskundeak izan dituzte igande honetan, eta boto-emaileen kontrako erasoek eta parte-hartze txikiak markatu dute eguna.

Kosovoko lurralde osoan ospatzen diren lehen hauteskundeak dira, eta lehen aldiz iparraldeko 40.000 serbiarrek parte hartu dute; izan ere, orain arte Pristinako Gobernuak deitutako bozketa guztiei boikota egin diete.

Europar Batasunaren babespean hilabeteetako negoziazioen ostean, Serbiak eta Kosovok akordio bat lortu zuten apirilean, euren arteko harremanak normalizatzeko.

Serbiak ez du Kosovoren independentzia onartzen, baina Kosovo iparraldeko serbiarrei botoa ematera joateko deia egin die; izan ere, urtarriletik aurrera Europar Batasunean sartzeko negoziazioak hasiko ditu Serbiak.

Herritarrek ez diote Serbiako Gobernuaren eskariari jaramonik egin, eta Kosovo iparraldean serbiarren parte-hartzea % 15ekoa izan da.

Halaber, talde erradikal serbiarrek botoa ematera zihoazen herritarrak iraindu eta mehatxatu dituzte.

Mitrovica hirian esaterako, hainbat hautesleku bi ordu lehenago itxi dituzte erradikalak barrura sartu eta hautestontziak suntsitu dituztelako eta boto emaileei eraso egin dietelako.

Kosovo erdialdean eta hegoaldean serbiarren parte-hartzea askoz ere handiagoa izan da (% 50), Kosovoko batez bestekoaren gainetik.

Lehenengo emaitzak igande gauean edo astelehenean ezagutaraziko dira, eta behin betikoak, azaroaren 6an.

Alkatea aukeratzeko bigarren itzulia beharrezkoa izango da hiri eta herri gehienetan, analisten arabera.

1,7 milioi herritarrek zuten boto eskubidea, eta horietatik gehienak albanokosovarrak ziren.

NATOk eta Eulex misio europarrak babestutako 5.500 poliziak osatutako talde handi batek segurtasunaren alde lan egin du hauteslekuetan.

 

Arazoak hauteslekuen irekieran

Iparraldeko zenbait hauteslekuren irekiera ordubete baino gehiago atzeratu da arazo teknikoak zirela eta. Gainera, talde erradikalek botoa ematera doazenak iraintzen eta mehatxatzen dituzte.

Serbiako hedabideen arabera, Mitrovicako hauteslekuan, Belgradoren babesarekin alkatetzara aurkeztu den Krstimir Panticen herrian, 08:45etan ireki dituzte hautestontziak, zehaztutakoa baino ia bi ordu beranduago.

Behar bezala 07:00etan ireki dituzten zenbait hauteslekutan, hiritar gutxik lortu dute botoa ematea, arazoak egon baitira hauteskunde zerrendekin, eta toki askotan, hauteskunde–batzordeetako kideak ez baitira bertaratu.

Boikotaren alde egin duten asko taldetan bildu dira hauteslekuen inguruetan, eta botatzera doazenak iraintzen, mehatxatzen eta probokatzen dituzte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak gaur Serbia Kosovo