Mundua -

Espioitzaren krisia

Nazioarteko haserrea baretzea nahi dute Barack Obamak eta John Kerryk

Edward Snowdenek filtratutako dokumentu sekretuek Washingtonen kanpo politika arriskuan jarri dezakete. Bestalde, espioitzaren aurrean aliantza bat osatu nahi du Angela Merkelek.

Barack Obama, AEBko presidentea
Barack Obama
Zelatatzeko programekin jarraituko duela ohartarazi du Etxe Zuriak

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

John Kerry Ameriketako Estatu Batuetako estatu idazkariak Erroma eta Paris bisitatu ditu Siriari, Irani eta Ekialde Hurbileko bakeari buruz hitz egiteko. Hala ere, Estatu Batuen espioitzak nazioartean duen irismenak eta larritasunak eragindako sumindurari aurre egin behar izan dio.

Barack Obama presidenteak Estatu Batuen zaintza operazioak defendatu ditu Errusiako, Mexikoko, Brasilgo, Frantziako eta Alemaniako agintarien aurrean. Bere urtebetetzea zela eta gonbidatu zuten gaueko telebista saio batean ere, gaiaren inguruan galderak egin zizkioten.

Obamak eta Kerryk Edward Snowden Estatu Batuetako Nazio Segurtasunerako Agentziako (NSA) analista ohiak filtratutako dokumentu sekretuek eragin duten nazioarteko haserrea baretu nahi dute.

NSAren taktikak ezagutzera eramateak –horien artean, telefono bidezko entzuketak munduko 35 agintariri- Washingtonen kanpo politika arriskuan jarri du arlo desberdinetan.

Informazioa jasotzeko Estatu Batuek erabilitako moduak Washingtonen atzerriko aliatuengan kezka eragin du.

"Espioitzaren tamainak txundituta utzi gintuen", adierazi zuen asteartean Bernard Kouchner Frantziako kantziller ohiak elkarrizketa batean: "Izan gaitezen onestak, guk ere espiatzen dugu. Guztiek zelatatzen dute elkar. Baina ez ditugu Estatu Batuek dituzten baliabideak, eta horrek jeloskor jartzen gaitu".

 

Alemania, aliatu bila

Alemaniako Gobernuak nazioartean aliatuak bilatzeari ekin dio berriro, Estatu Batuen espioitza gelditzeko.

Frankfurter Allgemeinen Zeitung egunkariaren arabera, NSAk mugikorra zulatu zionik ez zekiela esan zion Barack Obama presidenteak Angela Merkel kantzillerrari. Horrela, modu ez-zuzenean izanda ere, Merkel zelatatu zutela onartuko luke.

Ustez bere mugikorra zulatzeagatik haserrea erakutsi ostean, Merkelek udan abian jarri zuen estrategiari eutsi dio berriro. Orduan, Estatu Batuek Alemaniako eta Europar Batasuneko herritarrak, gobernuak eta erakundeak zelatatzen zituela argitaratu zen.

Europako herrialde guztiek datuak babesteko arau komunak ezartzea defendatu zuen kantzelaritzak udan. Orain, eta urte amaierara arte, Frantziarekin batera, negoziazioa bultzatu nahi du Washingtonekin, zerbitzu sekretuen lan esparrua adosteko.

Aldi berean, Brasilekin elkarlanean, NBEren Asanblada Orokorra espioitzaren aurka eta komunikazioaren eta pribatutasunaren babesaren alde ager dadin, ebazpen bat prestatzen ari da Alemaniako Gobernua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Ameriketako Estatu Batuak Barack Obama albisteak Alemania albisteak Gaurko titularrak Albisteak Espioitza Politikoa