Mundua -
Espioitza
Berlin eta AEB elkartuko dira, ustez Merkeli egindako espioitzagatik
Sekretu ofizialei buruzko Alemaniako Parlamentuko Batzordeak, inteligentzia zerbitzuen lana kontrolatzeaz arduratzen denak, ezohiko bilera egingo du arratsaldean.
Erredakzioa
Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri Gaietarako ministroak eta AEBk Alemanian duen John B. Emerson enbaxadoreak bilera egingo dute gaur arratsaldean Berlinen, eta Alemaniak azalpenak eskatuko dizkie AEBei, Angela Merkel kantzilerrari, ustez, eskuko telefonoa zelatatzeagatik.
Atzo Merkelek eta Barack Obama AEBetako presidenteak telefonoz hitz egin zuten, eta Alemaniako kantzilerrak azalpenak emateko eskatu zion. "Praktika horien egiazkotasuna frogatzen bada, gaitzesgarriak eta onartezinak dira", esan zion Merkelek Obamari. Alemaniak eta Ameriketako Estatu Batuek, "bazkide eta lagun" izanik, ezin dezakete horrelako espioitza kasurik onartu, esan zion Merkelek Obamari.
Etxe Zuriak ukatu egin zuen Alemaniako kantzilerraren telefono elkarrizketak entzun dituena. "Estatu Batuek ez dituzte zure elkarrizketak zelatatu", adierazi zion Obamak kantzilerrari telefonoz, Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu zuenez.
"Entzuten ari garena egia bada, oso larria litzateke", nabarmendu du Thomas de Maiziere Alemaniako Defentsa ministroak telebista publikoan. "Amerikarrak gure lagunak dira eta hala izaten jarraituko dute, baina hau onartezina da", gaineratu du.
Azaldu duenez, ziurtzat jotzen du aspaldidanik bere telefono elkarrizketak entzuten dituztela, baina ez du inoiz pentsatu horren atzean estatubatuarrak zeudenik.
Alemaniako Parlamentuak inteligentzia zerbitzuen lana kontrolatzeko batzorde bat osatu zuen, eta gaurko ezohiko batzarra deitu dute.
"Kantzilerra zelatatzen duenak herritarrak ere zelatatzen ditu", adierazi du Batzorde horretako presidenteak.