Mundua -
Liskarra
AEBri espioitza kasuak azaltzeko eskatu dizkiote Brasilek eta Mexikok
Aurretik Frantzia eta Alemania izan dira azalpenak eskatu dituztenak, eta Espainiako inteligentzia zerbitzuek uste dute Madrilen ere espioitza kasuak izan direla.
Erredakzioa
AEBko espioitzak liskarra piztu du Obamaren Gobernuaren eta Mexiko eta Brasilen artean. Aurretik, Frantzia eta Alemania izan dira azalpenak eskatu dituztenak, eta Espainiako inteligentzia zerbitzuek uste dute Madrilen ere espioitza kasuak izan direla.
Iragan igandean Globo telebista kateak jakitera eman zuenez, AEBko Segurtasun Bulegoak zuzenean zelatatu zituzten Dilma Rousseff eta Enrique Peña Nieto, Brasilgo eta Mexikoko presidenteak, hurrenez hurren. Brasilek eta Mexikok azalpenak eskatu dituzte, eta euren "subiranotasuna urratzea" egotzi diote Obamaren Exekutiboari.
Mexikoko Gobernuak iragarri du dagoeneko Anthony Wayne AEBko enbaxadoreari bilera bat eskatuko diola, eta "ikerketa sakona" egingo duela, espioitza nola egin zuten aztertzeko.
Bestalde, Europak eskatutako azalpenei erantzunik ez diete oraingoz eman Ameriketako Estatu Batuek. Europako zein herrialde eta zein herritar zelatatu dituzten argitzeko, Bruselak elkarrizketa abiatzeko eskatu zuen, baina eskari horrek ez du erantzunik izan.
Obamaren Gobernuak, gainera, Europako Parlamentuan azalpenak emateari uko egin dio. Horren aurrean, Europako Batzordeak Atlantikoaren bi aldeen arteko harremanen gaineko txostena prestatuko du urte bukaerarako. Datuen Babeserako Legea onartzea da helburu nagusia, baina zaila dirudi Europako hauteskundeak iritsi baino lehen bi aldeen arteko jarrera komuna adostu ahal izatea.
Edward Snowdenek duela lau hilabete ezagutzera emandako txostenen ondotik dator albistea. Ezinegona areagotuz doa Europan, eta Viviane Reding Justizia komisarioak atsekabea agertu du Washingtonen jarreraren aurrean.