Mundua -
Polemika
Deportatutako neska Frantziara itzuli daitekeela esan du Hollandek
Ikasle ijitoak presidentearen eskaintzari erantzun dio eta familia gabe itzultzeak "beldurra" ematen diola adierazi du. Nerabea eta familia urriaren 9an deportatu zituzten.
Erredakzioa
Kosovar jatorriko ikasle ijitoa Frantziara itzultzeko aukera duela esan du François Hollande Frantziako presidenteak, nerabeak berak horrela eskatuz gero.
Hollandek adierazpen laburra egin du Eliseoan ikaslearen deportazioak sortutako iskanbilari baretzeko asmoz. Frantziako presidenteak azpimarratu egin du nerabea eta familiaren atxiloketa eta deportazioa legeari jarraituta egin dela, baina ekintza hori ikasturtetik kanpo egin beharrekoa zela onartu du.
"Ez zen faltarik egon eta dena legezkoa izan zen", esan du Hollandek, Manuel Valls Barne Ministroaren txostena jaso ostean.
"Hollandek ez dauka bihotzik"
Deportatutako neskak presidentearen eskaintzari erantzun dio Mitrovica herritik, duela astebete han bizi baita familiarekin batera. Nerabeak ez du Frantziara bueltatzeko inolako asmorik.
"Hollandek ez du nire familiarekin errukirik izan. Ez du bihotzik, eta ez dut ulertzen zergatik esan duen nirekin bakarrik arduratuko direla", adierazi dio ikasleak BFM TV telebistari. Frantziara familia gabe itzultzeak "beldurra" eragiten diola adierazi du.
Ehunka ikasle kalera atera dira Hollanden erabakia salatzeko
Frantziako ehunka ikasle kalera atera dira larunbat honetan François Hollande Frantziako presidentearen erabakia salatzeko. Izan ere, kosovar jatorriko neskato ijitoaren kasuan, nerabeari Frantziara itzultzeko baimena eman dio Hollandek, baina ez haren familiari.
Erabakia ez da inoren gustukoa izan eta UNL ikasleen sindikatuak deituta, manifestazioa egin dute Parisko kaleetan. Halaber, manifestazio nazional erraldoia deitu dute azaroaren 5erako.
"Hollandek ez die ikasleek egindako eskariei erantzun", adierazi du sindikatuak.
"Ikaslea ikasgelan dagoen bitartean edo etxera iritsitako atxilotzeak ez du ezer aldatzen, izan ere, bi kasuetan ikasleak ezingo du ikasten jarraitu", gaineratu dute. UNLren esanetan, "Hollandek ez du inolako konponbiderik proposatu".