Mundua -

Siriako gatazka

Siriak baimena eman dio NBEri ustezko eraso kimikoa aztertzeko

NBEk iragarri duenez, erasoa argitzeko ikerketa bihar hasiko da. Halaber, Siriako Gobernua "laguntzeko prest" azaldu da.

Damaskoko inguruetan izandako erasoaldiek nazioarteko begiradak erakarri dituzte. Irudia: EFE
Damaskoko inguruetan izandako erasoaldiek nazioarteko begiradak erakarri dituzte. Irudia: EFE
Damaskoko inguruetan izandako erasoaldiek nazioarteko begiradak erakarri dituzte. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gatazka geldituko eta ustezko eraso kimikoa argitzeko ikerketan lagunduko duela baieztatu du Siriako Gobernuak, Nazio Batuen Erakundearen bozeramaile batek adierazi duenez. Halaber, ustezko eraso kimikoa ikertzeko prozesua bihar, astelehena, abiatuko dute Sirian. "Bisitaren helburua Gobernuaren lankidetza bilatzea da, Ghouta zonaldean abuztuaren 21ean izandako ustezko eraso kimikoa ikertu ahal izateko", azaldu du bozeramaile horrek. "Siriako Gobernuaren idazkari nagusiak esan digunez, beharrezkoa den laguntza eskainiko du, eta borroka armatua ere bertan behera utziko du", adierazi du iturri berdinak. "Ikerketa abiatzeko misioa bihartik aurrera, abuztuak 26, hasiko da", iragarri du.

Igande honetan, Siriak baimendu du NBEren ikerketa Damaskoko inguretan izandako erasoaldietan arma kimikoak erabili ziren aztertzeko. Oldarraldiotan 1.000 pertsona baino gehiago hil ziren, oposizioak salatu duenez.

Bestalde, William Hague Erresuma Batuko Atzerri Gaietarako ministroaren iritziz, Nazio Batuen Erakundearen ikertzaileak Siriara iristen direnerako, Damaskon izandako ustezko eraso kimikoaren frogak hondatuta egongo dira jada.

"Errealista izan behar gara", adierazi du Haguek, "litekeena da, artilleria-suaren ondorioz, froga gehienak hondatuta egotea".

Sarin gasaren erabilpenaIsraelgo segurtasun alorreko hainbat iturrien arabera, Siriako Gobernuak sarin gasa erabili zuen asteazkenean Damaskon izandako erasoan, lurrunketa arin gertatzen delako eta horrek frogak desagertarazten dituelako. "Sarin gasa arin lurruntzen da, eta antzemate unetik ordu gutxira jaso behar dira frogak, bestela, horren erabilpena egiaztatzea ezinezkoa izango da", azaldu dio Avi Bitzur koronelak 'Yedioth Aharonoth' kazetari. "Siriarrek nahiago dute sarin gasa erabiltzea, VX gasa edo mustarda agenteak baino", adierazi du militarrak. Halaber, biktimek erakutsitako zantzuak hurbiletik zaintzea gomendatu dio NBEko begirale-taldeari.

Iranen mehatxua

AEBek 'marra gorria' zeharkatzen badute eta Sirian militarrak sartzen baditu 'ondorio larriak' izango dituztela ohartarazi die Masud Jazayeri Irango Indar Armatuen buruordeak AEBei.

"Ameriketako Estatu Batuek badakite zein den Siriako marra gorria eta, zeharkatzen badute, ondorio larriak pairatuko lituzke Etxe Zuriak", nabarmendu du Jazayerik, Fars Irango agentziak zabaldu duenez.

Militarraren mehatxua Barack Obama AEBetako presidenteak eta David Cameron Britainia Handiko lehenengo ministroak "aukera guztiak" aztertuko dituztela adierazi ondoren heldu da.

Chuck Hagel AEBetako Defensa idazkariak ziurtatu egin zuen bere Gobernua prest dagoela Obamak agintzen duen "edozein aukera" militarra burutzeko.

Mohamed Javad Zarif Irango Kanpo Arazoetarako ministroak adierazi duenez, bere Gobernuak "harerman estua" dauka Siriarekin; eta azken egunotan izandako zenbait elkarrizketatan, Assadek ziurtatu dio Irani "inoiz ez" dituela arma kimikoak erabili eta NBErekin "kooperatuko" duela, gertatutakoa argitzeko.

Siriak ere abisua eman du

"Siriari eraso egitea ez da inorentzako picnic bat izango, eraso horrek ondorio larriak ekarriko lituzkeelako; Ekialde Hurbila sutan jarriko lukeen su-bola izango litzateke", ohartarazi die Siriako Gobernuak AEBei.

Siriako telebista-kate nazionalak Omran al Zubi Informazio ministroari eskainitako elkarrizketa zabaldu du. al Zubiren ustez, "AEBek egindako presioak denbora galtzea dakar, Siriak terrorismoaren aurkako borrokarekin azkeneraino jarraituko duelako".

Eraso kimikoaren zantzuak

Bestalde, Mugarik gabeko Medikuak (MSF) Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) jakinarazi duenez, Damaskon ustez eraso kimikoa izan eta hiru ordura, 3.600 pertsonatik gora artatu zituen (kolaboratzaile diren hiru ospitaletan), agente neurotoxiko baten sintomak zituztela, eta horietatik 355 hil ziren, erakundeak ohar baten bidez zabaldu duenez.

Hiru ospital horietako mediku taldeak MSFri esan dionaren arabera, ustezko erasoa izan ostean, "eri asko heldu ziren ospitaletara hainbat sintomekin, listu gehiegi, arnasteko arazoak, ikusmen lausoa, begi nini uzkurtua eta dardarak", Bart Janssens MSFen operazioen zuzendariaren esanetan..

siria_erasoak_eitbcom_bideoa

Gaixoei atropina eman diete, ondorio horiek arintzeko droga, alegia. MSF substantzia horren hornitzailea da. "Ospitalei 7.000 anpulu atropina ematen saiatzen ari gara", azaldu du MSFk, "eta gaixoak artatzeko laguntza eta material osagarria ere eman nahi dizkiegu".

Sirian arma kimikoak erabili diren argitzeko Nazio Batuen Erakundeak bertara bidaliko duen taldeari berehalako sarrera eskaintzea espero du erakunde horrek. "Azken erasoaren eta biktimek behar izan duten harrera handiaren ondorioz, jada hondagarria zen giza-egoerak okerrera egin du Sirian", deitoratu du Christopher Stokes Mugarik Gabeko Medikuen zuzendari nagusiak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

¿
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Iran Zer ari da gertatzen Sirian? Ekialde Hurbila