Mundua -

Gatazka

AEBek Siriako oposizioko kideak trebatzen dituzte Asadi aurre egiteko

Le Figaro egunkariaren arabera, Jordanian antolatu dute entrenamendu zelaia, eta bertako, Israelgo eta CIAko espezialisten laguntzarekin sartu ziren atzera Sirian.

Siriako gatazkako irudi bat. Argazkia: Efe
Siriako gatazkako irudi bat.
Eraso gehiago salatu dituzte oposizioak eta aktibistek, Sirian

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Armada Siriako oposizioko kideak trebatzen ari da Jordanian Bachar Al Asadi aurre egin diezaioten, Le Figaro egunkariak jakitera eman duenez. Oraingoz 300 pertsonako bi talde entrenatu dituztela azaldu du aipatu egunkariak.

Jordaniako entrenamendu zelaian entrenatu ondoren, bertako, Israelgo eta CIAko espezialisten laguntzarekin lortu zuten atzera Siriara itzultzea, Deraa eskualdetik, egunkari kontserbadore frantziarrak "iturri militarrak" aipatuta zabaldu duenez.

AEBek ez dituzte soldaduak Sirian sartu nahi, ezta oposizioari armak eman ere; izan ere, gehienak muturreko islamisten kontrolpean jarduten dute, eta nahiago dute opositore siriarrak Jordaniako entrenamendu-zelai batean trebatu, Le Figaro-ren arabera.

Egunkari horrek dio AEBen helburua Deraa eskualdea kontrolpean izatea dela, aireko eremua haien esku geratzeko, eta horregatik eraman dituztela F-16 hegazkin militarrak eta Patriot misilen kontrako bateriak Jordaniako mugara.

Uztailean, Al Asaden bozeramaileak esan zuen ez zutela arma kimikorik erabiliko, "atzerritik eraso egiten diguten arte".

Ustezko eraso kimikoa ikertzea exijitu du NBEk

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak "atzerapenik gabe" Sirian ustez izan den azken eraso kimikoa aztertzea eskatu du, eta Damaskora bidaiatzeko instrukzioak eman dizkio Desarme Gaietako goi-karguari.

"Idazkari nagusia oso kezkatuta dago gertatutakoagatik, eta ezbeharra atzerapenik gabe aztertu behar dela uste du", azaldu du Eduardo del Buey NBEko bozeramaileak eman den prentsaurrekoan. Horretarako Siriako Gobernuari "eskaera formal" bat egin zaiola gaineratu du.

Bozeramaileak adierazi duenez, Ban nazioarteko liderrekin kontaktuan dago asteazkenetik Siriako egoeraz hitz egiteko, eta Angela Kane Desarme Gaietako goi-karguari Damaskora bidaiatzeko instrukzioak eman dizkiola nabarmendu du.

Su-etena eskatu zuen idazkari nagusiak berriro Damaskon dagoen misio berri bat ezbeharra izan den lekura sartzeko baimena eskatu du, gertatutakoa ikertzeko.

Siriako erregimenak Damasko kanpoaldea bonbardatu du

Siriako erregimenak Damasko kanpoaldeko hainbat gune bonbardatu ditu ostegun honetan, hainbat aktibista taldek salatu dutenez. Atzo, ustez izandako eraso kimikoaren ondoren gertatu da gaurko erasoa. Asteazkenean 1.300 pertsona hil zirela salatu zuen oposizioak. Alemaniak eta Frantziak gertaturikoa "lehenbailehen" argitzeko eskatu dute gaur.

Siriako Iraultza Batzordeak azaldu duenez, Muadamiyan eta Guitan izan dira gaurko bonbardaketak, ustezko eraso kimikoa izandako gunetik gertu.

Hegazkin militarrek Al Qabun auzoa ere bonbardatu dute.

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) begiraleei ustez izandako eraso kimikoaren tokira sartzeko uzteko eskatu du Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri Arazoetako ministroak. Errusia eta Txinaren jarrera gaitzetsi du, NBEko Segurtasun Kontseiluan erasoaren gaineko ikerketa bat zabaltzea eragozteagatik.

"Eraso kimikoa baieztatzen bada, indarrez erantzun beharko da", Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroaren esanetan. Gertaturikoari buruzko ikerketa egitea ez oztopatzeko eskatu dio gainera, Bashar Al Assad Siriako presidenteari. AEB, Erresuma Batua eta Frantzia erantzuna emateko gai dira, baina ukatu egin du soldaduak bidaliko dituztela.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak argazkiak NBE argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Siria Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?