Mundua -
Krisia Egipton
Istilu berriak Gobernuaren aurkako manifestazioetan Egipton
Mursiren aldeko eta kontrako lagunen artean liskarrak izan dira Alejandrian. Asteazkenetik 800 lagun hil dira herrialde osoan izandako istiluetan.
Erredakzioa
Mohamed Mursi kargutik kendutako presidentearen aldeko eta kontrako hiritarren arteko liskarrak izan dira berriro larunbat honetan Alejandrian, etxeratze agindua hasita, islamistek deitutako protestetan. Liskarrak Al Hadra, Al Asafra eta de Abu Suleiman auzoetan jazo dira, Mena albiste-agentzia ofizialak jakinarazi duenez.
Anaia Musulmanek antolatutako manifestazioa 19:00etan hasi da (17:00etan, GMT orduan), Gobernuak ezarritako etxeratze agindua hasi ostean. Halaber, beste manifestazio izan dira Egiptoko gainerako udalerrietan, tartean, Kairon, Asiut eta Minia probintzietan.
Kairon, hain justu, Heluan auzoan hasi da protesta bat. Manifestazioa baketsua da oraingoz, baina tentsioa nabaria da bertan, aste honetan izandako liskar gogorren ondorioz.
800 hildako jada
Egiptoko Gobernuak larunbat honetan iragarri duenez, gutxienez 173 lagun hil eta beste 1.330 lagun zauritu dira azken orduetan herrialde osoan izandako istiluetan. Lehen ministroaren bozeramaile batek prentsaurrekoan azaldu duenez, biktimak ostirala eta larunbata (10:00ak arte) bitartean izan dira.
Joan den asteazkenetik Egiptoko hainbat udalerritan izandako istiluetan 800 lagun hil dira, agintarien aburuz. Anai Musulmanen arabera, berriz, milaka hildako izan dira, horietatik 200 azken 24 orduetan.
Kairon hildako kopuru handiena eman da (95 hildako eta 596 zauritu); Alejandrian, 25 hildako eta 171 zauritu, eta Suezen, berriz, 14 hildako eta 62 zauritu.
Tiroka meskita baten barnean
Tiroketa gogor baten ostean, Fatheko meskita, Kairon, hustu dute Egiptoko segurtasun indarrek. Mohamed Mursi kargutik kendutako presidentearen jarraitzaileak bertan izkutatuta egon dira gau honetatik. Halaber, segurtasun indarrek meskitaren barnealdean zeuden lagun ugari atxilotu dituzte.
Lekukoen arabera, Poliziak gas negar-eragile eta benetako balak erabili ditu meskita husteko. BBC telebista-kateko kzetari batek esan duenez, Kairoko eraikin guztiak husten ari da Polizia, Mursiren jarraitzaileen kanpaldi berriak saihesteko.
Legez kanpo utzi
Anaia Musulmanak legez kanpo uzteko aukera aztertzen ari da Egiptoko Gobernua, Sherif Shauqi Ministroen Kontseiluko bozeramaileak jakitera eman duenez. Prentsaurrekoan Shauqik azaldu duenez, neurria "bitarteko juridikoen bitartez" egingo zuketen.
Hasan el Banak Anaia Musulmanen kofradia sortu zuen 1928. urtean. Gamal Abdel Naserrek legez kanpo utzi zuen 1954an. Elkartea legeak ez debekatutako ezta baimenduta egoeran dago 2011. urtetik.
'Faxismo teokratikoa'
Egipto "terrorismoaren aurkako gerran" dagoela jakinarazi du gaur Egiptoko Presidentetzak. Halaber, iturri berdinaren aburuz, Mursiren aldeko lagunak "muturreko indarrak" dira.
Komunikabideen aurrean eskainitako prentsaurrekoan Mustafa Higazi Auzi Politikoetarako presidentetzaren aholkulariak adierazi duenez, Anaia Musulmanen "faxismo teokratikoaren aurka altxatu da herria".
1.000 lagunetik gora, atxilotuta
Anaia Musulmanen 1.004 kide atxilotu dituzte ostiral honetan Egipton, "Amorruaren eguna"ren baitan izandako istiluetan, Barne Ministerioak jakinarazi duenez.
Halaber, hainbat arma atzeman diete atxilotuei: 6 rifle automatiko, 21 pistola, 14 kartutxo pakete, 1.069 munizio eta 7 granada.
Istiluak asteazkenean hasi ziren, Polizia eta Armada Mohamed Mursi Egiptoko presidente kargugabetuaren jarraitzaileek Kairon eraiki zituzten kanpalekuak desegiten hasi zirenean. Ondorengo istilu eta liskarretan 600 hildako baino gehiago eta beste milaka zauritu ziren, eta horregatik, protesta gisa, Anaia Musulmanek "Amorruaren eguna" deitu zuten atzo.
'Amorruaren astea'
Anaia Musulmanek, berriz, ohartarazi dute odolak "kolpe militar odoltsuaren kontrako jarrera indartu" egingo duela. Elkarte horren ordezkari batek ohartarazi du gaurtik aurrera "Amorruaren Astea" hasi dela "kolpea behera botatzeko" eta "egunero, Egipto osoan" manifestazioak egingo dituztela hitzeman du.