Mundua -
Etxe Zurian
Espioitza programak kontrolatzeko erreformak iragarri ditu Obamak
"Programek nire konfiantza izatearekin ez da nahikoa, AEBetako herritarrek ere konfiantza izan behar dute", adierazi du buruzagiak.
Erredakzioa
Edward Snowdenek zabaldutako espioitza programa polemikoak eraginkorragoak eta gardenagoak izateko erreforma sorta iragarri du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak.
"Programek nire konfiantza izatearekin ez da nahikoa, AEBetako herritarrek ere konfiantza izan behar dute", adierazi du Obamak Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan. Gobernuaren helburua herritarrak "zelatatzea" ez dela errepikatu du agintariak.
Senatari zenean Segurtasun Agentzia Nazionalaren (NSA) programen aurrean "eszeptizismoa" azaldu zuela gogorarazi du Obamak. "Herritarren eskubideak babesteko ikuskapen estua" ezartzeko neurriak bultzatu dituela ziurtatu du presidenteak.
Era berean, "segurtasunaren eta pribatutasunaren" arteko "oreka" aurkitu behar dutela errepikatu du Obamak. Snowden auzia dela-eta eztabaida "kartsua" piztu dela erantsi du.