Mundua -
Polemikaren ostean
Pederasta espainiarraren indultua indargabetu du Mohamed VI.ak
Galvan dagoeneko Espainian dagoela uste dute, baina ez dago argi indultua balio gabe uzteak ondorio juridikorik izango duen eta preso ohia atxilotzeko eskatuko duten.
Erredakzioa
Mohamed VI. Marokoko erregeak indarrik gabe utzi du Daniel Galvan pederasta espainiarrari emandako indultua, Errege Kabinetearen ohar baten arabera. Galvanek beste 47 preso espainiarrekin batera lortu zuen indultua, asteartean.
MAP agentziak kaleratutako ohar baten arabera, Espainiako homologoarekin hitz egiteko agindua eman dio Mustafa Ramid Justizia ministroari, indultua baliogabetu ostean eman beharreko pausoen inguruan.
Galvan dagoeneko Espainian dagoela uste dute, baina ez dago argi indultua balio gabe uzteak ondorio juridikorik izango duen eta preso ohia atxilotzeko eskatuko duten.
Oharrean azaldu dutenez, "erregeak berak erabaki du indultua bertan behera uztea, prozesu honetan izan diren akatsak, egindako krimenen larritasuna eta biktimen eskubideen errespetua kontuan hartuta".
Horrez gain, Mohamed VI.ak ikerketa egiteko agindua eman du, "askatze tamalgarria" gertatzeko izan diren akatsak eta erantzukizunak zehazteko, eta "arduragabekeria honen arduradunak identifikatzeko".