Mundua -
Balantze ofiziala
80 lagun hil eta 792 zauritu dira Egipton, larunbateko istiluetan
Hasiera batean, islamiarrek istiluetan 200 pertsona baino gehiago hil eta 4.500 zauritu direla jakinarazi dute.
Erredakzioa
Gutxienez 80 pertsona hil eta 792 lagun zauritu dira larunbat honetan Egipton, Kairo hiriburuan eta Alejandria hirian Poliziaren eta Mohamed Mursiren aldekoen artean izandako istiluetan.
Egiptoko hiriburuko Nasr auzoan istilu larriak izan dira eta 72 lagun hil eta 411 pertsona zauritu dira, Jaled el Jatib Osasun ministroak jakinarazi duenez.
Alejandria hirian ere liskarrak izan dira Poliziaren eta Mursiren aldekoen artean eta 8 lagun hil dira. El Jatiben hitzetan, herrialdeko beste hainbat tokitan 381 lagun gehiago zauritu dira.
Hasiera batean, islamiarrek istiluetan 200 pertsona baino gehiago hil eta 4.500 zauritu direla jakinarazi dute.
"Hiltzeko asmo osoa dute"
"Ez dute zauritzeko asmorik, hiltzeko asmoa baizik", azpimarratu du Gehad el Hadad Anai Musulmanen bozeramaileak. Hildako gehienek bala zauriak dituzte buruan eta bularrean, El Haddaden arabera.
Anai Musulmamen gazte-taldearen bozeramaile batek azaldu duenez, osasun zentro batean hildako eta zauritu kopuru handia dago, eta sendagaiak eta medikuak behar dituzte.
Egiptoko Barne Ministerioak, berriz, Poliziaren jokabidea defendatu du, eta agenteek gas negar-eragilea bakarrik erabili duela azpimarratu du.
Tiroketa
Mursiren jarraitzaileak kanpaldia ari dira egiten soldadu ezezagunaren oroigarritik hurbil, Narserako bidean. Islamisten arabera, horien aurka tirokatzen hasi da goizeko lehen orduetan.
Segurtasun zerbitzuen iturri batek esan duenez, Mursi presidentearen jarraitzaileek Urriak 6 zubia hartu dute. Orduan, Polizia hori saihesten saiatu da, baina manifestariek bere jarrerari eutsi diote, eta ondorioz, liskarrak hasi dira.
Ostiral honetan, Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohia espetxeratzeko agindu du Apelazio Auzitegiko epaileak, Hamas Palestinako erakundearekin harremanetan ustez jartzeagatik, eta "herrialdearen kontrako ekintzak" burutzea eta "espetxe bati erasotzea" leporatuta.