Mundua -
Estatu kolpea Egipton
Mendekuaren bidetik ez jotzeko eskatu die Armadak egiptoarrei
Anai Musulmanek manifestazioak eta protestak deitu dituzte estatu kolpea salatzeko. Bestalde, Mursi presidente ohia non dagoen ez dute argitu.
Erredakzioa
Egiptoko Armadak mendekuaren bidetik ez jotzeko eskatu eta adierazpen askatasuna bermatuta izango dutela agindu die herritarrei.
Mursiren jarraitzaileek manifestazioak eta protestak deitu dituzte ostiral honetan estatu kolpea salatzeko. Egiptoko Armadak erasorik eta sabotajerik ez egiteko eskatu die.
"Mendeku ekintzekin bake soziala eta nazioaren interesak arriskuan jartzen dira, Egiptoren segurtasunari eta ekonomiari kalte eginda", dio Armadak bere webgune ofizialaren bitartez zabaldutako ohar batean.
Egiptoko Armadak asteazkenean kendu zuen kargutik Mursi presidentea, hauteskundeetan aukeratua izan eta urtebetera. Adli Mansur Auzitegi Konstituzionaleko presidentea izendatu zuten Mursiren behin-behineko ordezkotzat.
Bitartean, Mursi non dagoen ez dute argitu modu ofizialean. Anai Musulmanen esanetan, baina, militarren eskuetan dago eta ezin da familiarekin edo beste inorekin harremanetan jarri.