Mundua -
Protestak Turkian
Erdogan manifestariekin bigarren aldiz bilduko da
Zortzi artista eta Taksim plazako Elkartasun Plataformako bi kide gonbidatu dituzte bilerara. Batzarra lehen ministroaren egoitza ofizialean egingo dute.
Erredakzioa
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroa Istanbuleko Gezi parkean merkataritza-gune bat eraikitzeko proiektuaren aurka dauden taldeetako ordezkariekin bilduko da gauean. Atzo beste bilera bat izan zuten, eta Erdoganek aldaketak erreferendumean erabakitzea proposatu zuen.
Zortzi artista eta Taksim plazako Elkartasun Plataformako bi kide gonbidatu dituzte bilerara. Batzarra lehen ministroaren egoitza ofizialean egingo dute, Anatolia albiste-agentziak jakitera eman duenez.
"Gezi parkea izaten jarraitzea" eskatuko diote berriro Erdogani, Eyup Muhcu Arkitektoen Ganberako presidenteak aurreratu duenez.
Ultimatuma
Ordu batzuk lehenago lehen ministroak Taksim plaza uzteko ultimatuma eman die manifestariei. Pazientzia agortu zaiola ohartarazi du Erdoganek.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak Istanbuleko Gezi parketik joateko "azken oharra" eman die manifestariei.
"Zuen eskakizunak azaldu dituzue jada; beraz, alde egin ezazue bertatik", adierazi du Erdoganek Ankaratik.
"Pazientzia agortzear dugu. Azkeneko aldiz eskatuko dut parketik alde egiteko", adierazi du. Atzo Gezi parkearen etorkizunari buruzko erreferendum bat egiteko aukera iragarri zuen.
"Guk Istanbuleko jendeak nahi duena egingo dugu. Gezi parkea ez da okupatzaileena, nazio osoarena baizik", azaldu du Erdoganek jarraitzaileen aurrean.