Mundua -

Espioitza AEBetan

CIAko teknikari ohi batek egin ditu espioitzaren inguruko filtrazioak

Edward Snowdenek asiloa eskatu du, Gobernu estatubatuarrak milioika herritarren telefono erregistroak espiatu eta biltzen dituela filtratu ostean.

Edward Snowden Hong Kongeko hotel batean dago. Argazkia: EFE.
Edward Snowden Hong Kongeko hotel batean dago. Argazkia: EFE.
Edward Snowdenek azaleratu du AEBek duen komunikazioen espioitza

1:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edward Snowden 29 urteko estatubatuarrak egin ditu AEBetako Gobernuaren espioitzari buruzko filtrazioak, The Guardian egunkariak jakinarazi duenez. Snowden Inteligentzia Agentzia Zentraleko (CIA) teknikari ohia da, eta Inteligentziako Agentzia Nazionaleko (NSA) aholkulari lanetan ibili zen.

"Adierazpen askatasunaren eta pribatutasun globalaren alde egiten duen edozein herrialderi asiloa eskatu nahi diot", jakinarazi dio The Washington Post egunkariari. Egun, Snowden Hong Kongeko hotel batean dago.

CIAko teknikari ohiak jakinarazi duenez, bera izan da The Guardian eta The Washington Post egunkariek kaleratu duten informazioren iturria. Hala, AEBetako Gobernuak Interneteko bederatzi konpainia estatubatuar nagusien zerbitzarietan sartzeko eta horien erabiltzaileen zein kontaktuak espiatzeko baimena ematen duten bi programaren berri eman dute.

Ingeniari informatikoa lau urtez ibili zen NSAn lanean, defentsa-kontratuetako hainbat konpainia adjudikaziodunen enplegatu gisa. Horietako azkena Booz Allen Hamilton izan zen, eta horren bidez informazio sekretuaren berri izan zuen.

Snowdenek hamarkada bat darama AEBetako inteligentzia zerbitzuekin harremanetan: hasiera batean, CIAkn ingeniari informatiko lanetan ibili zen, eta, ondoren, NSArekin elkarlanean zeuden hainbat defentsa-enpresatan aholkularia izan zen, The Guardian egunkariaren arabera.

Inteligentzia zerbitzuetako lankide ohiak esan du ez dela ezkutatuko, eta honakoa gaineratu du: "Gobernu estatubatuarrak ekintza txarrak erakusteagatik herritarrak zigortzearekin mehatxatzea interes publikoaren kontrakoa da".

James Clapper Inteligentzia Nazionaleko zuzendariak jakinarazi du filtrazioen egileak aurkitzeko ikerketa bat abiaraztea eskatu diotela Justizia Departamentuari. Izan ere, horren arabera, filtrazio horiek AEBetako terrorismoaren kontrako borrokari kalte larria egiten diote.

Snowdenek azaldu du ez dela informazio "sekretu" hori filtratzeaz damutzen, eta, estatubatuarrak gogoan hartuta, "eurek erabaki behar dute prest dauden edo ez bere pribatutasuna etengabeko zainketa egoeran dagoen estatu bati uzteko", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Espioitza