Mundua -
Protestak Turkian
Turkiako protestak berehala buka daitezela eskatu du Erdoganek
Lehen ministro turkiarrak nabarmendu duenez, azken egunotan herrialdea astindu duten protestetan bi manifestari eta polizia bat hil dira.
Erredakzioa
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak esan du azken egunetan herrialdea astindu duten protestak "berehala" bukatu behar direla. Istanbuleko aireportuan egin ditu adierazpen horiek, Magrebeko herrialde batzuetatik egindako biraren bueltan harrera egitera joan zaizkion milaka jarraitzaileren aurrean.
"Bandalismoa eragin duten manifestazioak berehala bukatu behar dira", ohartarazi du. "Kazetariek, artistek eta politikariek protestak eragiten dituzte", gaineratu du.
"15 zuhaitz babesteagatik hiru bizitza galdu dira. Polizia baten bizitzak bi gazteen bizitzak beste balio du", esan du Adana hirian egindako manifestazio batean hil zuten poliziaren harira.
Bi manifestari hil dira protestetan, eta beste baten garuneko heriotza baieztatu dute.
Lehen ministroak adierazi duenez, ikertu egingo dute Poliziak gehiegizko indarkeria erabili duen edo ez, baina honakoa gaineratu du: "Poliziak alde egitea nahi dute. Hemen ezin da edozer egin. Poliziak bere lana egiten du, eraso egiten dutenen aurrean".
Erdoganek dendak hustea, ondasun publikoak suntsitzea eta Turkiako bandera erretzea egotzi die manifestariei.
(Istanbuleko manifestazio gehienek hasiera puntua duten Taksim plaza. Argazkia: EFE)
Gezi parkea babestu
Istanbul erdiguneko parke batean merkataritza-zentro bat eraikitzearen eta zuhaitzak eraistearen kontrako protesta batekin hasi zena Turkian azken hamarkadan izan den protesta-bolada handiena bihurtu da.
Atzo, Istanbul erdigunean lasaitasuna izan bazen ere, polizien eta manifestarien arteko liskarrak izan ziren hiriaren alde europarrean, Sultangazi auzoan, NTV telebista katearen arabera.
Poliziak ibilgailu blindatuak atera zituen errepidean barrikadak jartzen saiatu ziren manifestariak sakabanatzeko, eta ur-kanoiak eta mostaza-gasa ere erabili zituen.
Iturri horren arabera, manifestarietako bat ospitaleratu behar izan zuten ke-poto baten kolpearen eraginez.