Mundua -
Istiluak Turkian
Turkiako sindikatuek greba deitu dute, protestak babesteko
Anonymous pirata informatikoen taldeak Erdogan Turkiako lehen ministroaren webguneari eraso dio, eta zerbitzaritik datu konprometituak lortu ditu.
Erredakzioa
Turkiako bi federazio sindikalek eta bi eskola profesionalek gaur greba egiteko deia egin dute, protestak babesteko. Gaur goizaldean, liskar handiak izan dira manifestari eta polizien artean Ankaran, Istanbulen, Tuncelin eta Hatayn.
Milaka pertsonak lanuzteak egingo dituzte Gobernuari manifestariak errespeta ditzala eskatzeko. Protestek Recep Tayyib Erdogan lehen ministroaren eredu autoritarioaren aldaketa eskatzen dute.
Greba honakoek deitzen dute: Langile Publikoen Sindikatuen Konfederazioa (KESK), Langile Iraultzaileen Sindikatuen Konfederazioa, Turkiako Medikuen Eskola Ofiziala (TTB) eta Ingeniarien eta Arkitektoen Eskola Publikoen Batasuna (TMMOB).
Eragile horiek Gobernuak Istanbuleko Gezi parkea babestu dezala eskatu dute.
(Turkiako poliziek piperbeltz gas granadak botatzen istiluetako batean. Argazkia: EFE.)
Greba deitu dutenek, gainera, manifestarien kontra piperbeltz gasik gehiago ez erabiltzea eta ekintza polizial bortitzenen arduradunak kargutik kentzea eskatu dute.
Horrekin batera, protestetan atxilotutako milaka manifestariak askatzea eta plaza historikoetan batzarrak egiteko debekua kentzea exijitu dute.
24 pertsona atxilotuta, Interneten "istiluak sustatzeagatik"
Turkiako Poliziak 24 pertsona atxilotu ditu bart Esmirna hirian sare sozialen bidez "liskarrak sustatzea eta propaganda egitea" leporatuta.
(Istiluetan milaka manifestari atxilotu ditu Poliziak. Argazkia: EFE.)
Ali Engin Esmirna probintziako Herriko Alderdi Errepublikanoaren (CHP) buruzagiak Gezi parkeko manifestazioen aldeko txioak bidaltzeagatik atxilotu dituztenei buruz hitz egin du agintariekin.
Dena dela, horien senideetako batzuek baieztatu dutenez, atxilotuek ez dute inoiz Facebookeko zein Twittereko konturik izan.
Erdoganen webgunearen kontrako erasoa
Anonymous pirata informatikoen taldeak Erdogan Turkiako lehen ministroaren webguneari eraso dio: www.basbakanlik.gov.tr.
Ehackingnews eraso informatikoei buruzko webgunearen arabera, Anonymouseko piratek eta Siriako Armada Elektronikoak lehen ministroaren webguneari eraso diote, eta hainbat datu konprometitu lortu dituzte zerbitzaritik.
Anonymousek Istanbulen hasi ziren protestak "historia garaikideko altxamendurik zintzoenetarikoak" direla esan du komunikatu baten bidez.