Mundua -

AEB

Obamaren Gobernuak espioitza egin die Associated Pressen kazetariei

Albiste agentziaren esanetan, Gobernuak gutxienez 20 telefono linea zulatu zituen, iazko apiriletik maiatzera.

Barack Obama AEBetako presidentea. EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Associated Press (AP) albiste agentzia estatubatuarrak salatu duenez, AEBetako Gobernuko Justizia Departamentuak espioitza egin dio, bi hilabetez hainbat kazetariri eta hainbat bulegotako telefono liniei entzuketak eginda.

Hain zuzen ere, hainbat kazetarik bi hilabetez iturri konfidentzialekin izandako komunikazioak entzun ditu Barack Obama presidentearen Gobernuak, Gary Pruitt APko kontseilari delegatuak Eric Holder Justizia idazkariari igorritako gutun batean ohartarazi duenez.

Hori horrela, Exekutiboa APren jardueretan "bidegabe sartu" dela eta horrek aurrekaririk ez duela salatu dute.

Agentziaren arabera, Gobernuak gutxienez 20 telefono linea zulatu zituen, iazko apiriletik maiatzera. New Yorketik, Washingtonetik eta Hartfordetik (Connecticut) egindako deiak entzun omen zituzten.

Nolanahi ere, ezin izan dute egiaztatu Gobernuak deien iraupena eta deitutako telefono zenbakia jaso ote dituen.

Antza denez, APk informazio sekretua nondik jasotzen zuen argitzeko egin du Gobernuak espioitza, epaitegi batek aginduta.

Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak ustezko espioitzaren berririk ez dutela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Barack Obama albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Kazetariak albisteak Espioitza