Mundua -

Banias hirian

60 lagunetik gora hil dira Sirian, Gobernuaren indarren eraso batean

Kostako Banias hirian gertatu da erasoa. Ehunka lagunek alde egin dute Siriako presidentearen aldeko indarrek egindako bonbardaketen ostean. Oposizioak 'garbiketa etnikoa' egiten ari direla salatu du.

Hildakoak Sirian. EITB
Hildakoak Sirian.
Al Assaden erregimenaren indarrek 62 lagunetik gora hil dituzte

0:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

60 lagunetik gora, horien artean emakumeak eta adingabekoak, hil dira Sirian, erregimenaren aldeko indarrek Banias hiriko auzi suni baten aurka egindako eraso batean.

Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, 62 gorpu aurkitu dituzte zonaldean. Siriako Iraultzaren Batzorde Orokorrak ordea, hildakoak 87 direla esan du.

Ehunka lagunek ihes egin dute Bachar al Asad Siriako presidentearen aldeko soldaduek bonbardaketak egin ostean.

Armada auzora sartu denean, bertako bizilagunak etxeetan bildu dituzte eta hilketekin hasi dira.

Behatokiaren arabera, milizianoak alauiak dira (xiiten adarretako bat) Al Assad, Gobernuko buruzagiak eta Armadako kideak bezala.

Oraindik erreskatatu ezin izan dituzten gorpuak daudela esan dute Behatokiko bozeramaileek; izan ere, Gobernuaren aldeko indarren kideak bertan daude oraindik.

Hildakoetatik 22 emakumeak eta 9 adingabekoak direla esan dute. Batzuk familia bereko kideak dira. Gehienak fusilatuta edo lepoa moztuta hil dira. Ondoren, gorpuetako batzuk erre dituzte.

Siriako gatazka 2011ko martxoan hasi zen eta dagoeneko 70.000 lagunetik gora hil dira. Halaber, 2.000.000 lagunetik gora joan dira bertatik Nazio Batuen datuen arabera.

'Garbiketa etnikoa' egiten ari direla salatu dute.

FROS Siriako Iraultzaileen eta Oposizioko Indarren Koalizio Nazionalaren iritziz, hilketak eta Baniak hiriko sunien ihesak "garbiketa etnikoen operazioak" dira.

Praktika horiek Nazio Batuen Erakundeak genozidiotzat dituela ekarri du gogora eta Segurtasun Kontseiluari berehala bilera bat deitzeko eskatu dio, Siriako erregimenaren sarraskiak kondenatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Gerra Siria Albisteak Gaur Eguneko albisteak Siria Ekialde Hurbileko albisteak