Mundua -
Kronika
Chavezen lekukoa edo aldaketa sakona, Venezuelan erabakigai
Adituek eta inkestek Nikolas Madurok irabaziko duela iragarri dute. Hala ere, bi hautagaiek adierazi dute emaitzak edozein direla ere onartuko dituztela.
Arantxi Padilla | Caracas
Gaur venezolarrek datozen sei urteetako presidentea aukeratuko dute, azken sei hilabeteetan bigarren aldiz Chavez oso presente dagoen eszenatoki politiko batean; urrian gehiengoak Hugo Chavezen 3. berrautaketa bozkatu zuen, eta abenduan 23 estatutako gobernatzaileak zituzten.
Hemen, Caracasen, Venezuela osoan bezala, ikusmin handia arnasten da. Euskal Herriko eguerdiko 12:30etik aurrera, 18 milloi pertsona bozkatzera deituta daude, Venezuelako 06:00etatik 18:00etara, aurreikusita dago hauteslekuak itxi eta hiru ordura, Venezuelako 21:00etan, aurreneko emaitzak ezagutzera emango dituztela.
Nikolas Maduro eta Henrique Capriles hautagaien artean erabakitzean, Chavezen 14 urteko sozialismoaren bidetik jarraitu ala guztiz aldatu, eta sektore pribatuari onespenak ematen dizkion ekonomia baten artean aukeratzea da.
Inkesta guztiek Madurori, Chavezen semeari, ematen diote garaipena, azken hilabetetan komandantearen lekukoa hartzeko gogoz saiatu behar izan dena.
Caprilesek aldiz, ofizialismoaren kontra, baina duela aste batzuk arte bananduta zegoen oposizio bat bildu eta gidatzeko ardura izan du.
Bi hautagaiek era masiboan eta baketsuan bozkatzeko deialdia egin dute, historiako hauteskunderik jendetsuena izateko. Batzuek Chavezi omenaldia egiteko, eta besteek aldiz Venezuelako aldaketa bilatzeko.
Itxurazko bake klima baten erdian, matxinada edota indarkeriazko erreakzioen beldurra dago, baina bi hautagaiek adierazi dute emaitzak edozein direla ere onartuko dituztela, eta armadako militarrek ere errespetatuko dituztela esan du hauteskunde mahaiak eta materiala zaintzen ari diren uniformatuak koordinatzen dituen generalak ere.