Mundua -
Urteurrenak
Tentsio giroa Egiptoko iraultzaren bigarren urteurrenean
Oposizioak manifestazioa egingo du gaur Kairon, Tahrir plazan, Gobernuak iraultzaren helburuak bete ez dituela salatzeko.
Erredakzioa
Egiptok Hosni Mubarak diktadore ohia eroriarazi zuen iraultzaren bigarren urteurrena gogoratuko du gaur. Giroa, baina, ez dago ospakizun handietarako, egoera ekonomiko larriaren eta Anaia Musulmanen Gobernuaren erabaki polemikoen ondorioz.
Oposizioko hainbat taldek manifestazio bat deitu dute gaurko Kairon, Muhamed Mursi presidentearen Gobernuaren eta Konstituzio berriaren aurka protesta egiteko. Hain zuzen ere, agintariek ez dituztela iraultzaren helburuak bete salatu nahi dute (justizia soziala eta matxinoen hiltzaileak epaitzea, besteak beste).
Tentsioa ez areagotzeko, Gobernuak ez du jarraitzailerik bidaliko Tahrir plazara.
Oposizioa oso kritikoa da Anaia Musulmanek Gobernuan eta Parlamentuan duten indarrarekin, eta erakundeak interes alderdikoiak gauzatzeko erabiltzea egotzi die.
Egoera ekonomikoak okerrera egin du 'udaberri arabiarra' hasi zenetik, eta hainbat sektorek atzera egin dute, tartean turismoak. Horren ildotik, oposizioak pobreziaren aurka ez borrokatzea ere leporatu dio Gobernuari.