Mundua -
Ama mehatxatuta salatzeagatik
9 urteko neska bat oso larri Pakistanen, hiru gizonek bortxatu ostean
Neskatxa egora kritikoan dago barne zauriengatik eta odol asko galtzeagatik. Poliziak ez du oraindik egileetako inor atxilotu.
Erredakzioa
9 urteko neskatxa bat oso larri dago bahitu eta hiru gizonek bortxatu ostean, Punjab probintzian, Pakistango ekialdean, Express Tribune egunkari pakistandarrak plazaratu duenez.
Aurreko astean, hiru emakumek eta gizon batek gaztea bahitu zuten, neskatxaren etxe aurrean, Manzoorabad herrian, Rahumyar Khan hegoaldeko distrituan. Ondoren, kanpaleku batera eraman zuten, eta bertan, hiru gizonek bortxatu zuten, hango poliziek egindako txosten baten arabera.
Neskatxaren amak agenteei azaldu zienaren arabera, bere alaba etxe aurrean topatu zuen odoletan eta ia konorterik gabe, eta gertatutako salatzeko polizia-etxera zihoanean, bortxatzaileetako batek heldu zuen eta zer edo zer esanez gero hilko zutela esan zion, mehatxatuz.
Halere, emakumea, etxera bueltatu eta gero, berriz ere polizia-etxerantz abiatu zen eta geratutakoa kontatu zien poliziei. Poliziak talde bat prestatu du ustezko erasotzaileak atxilotzeko, baina ez du inor atxilotu momentuz.
9 urteko neskatxa Lahoreko Sheik Zayed ospitalera eraman zuten, eta bertako medikuek bortxaketa gertatu zela baieztatu eta gaztearen egoera kritikoa dela esan zuten, barne zauriengatik eta odol asko galtzeagatik.