Mundua -
Konstituzio berria Egipton
Egiptok Konstituzio berria onartu du herritarren % 63aren babesarekin
"Kexa guztiak ondo aztertu ditugu", azaldu du Samir Abu el Matti Hauteskunde Batzorde Goreneko presidenteak.
Erredakzioa
Egiptoko Hauteskunde Batzorde Gorenak Konstituzio berriaren inguruko galdeketan "baietza"k irabazi duela iragarri du. Erreferendumaren bigarren fasea bukatu eta hiru egunetara, babesa % 63,8koa izan dela azaldu du.
Samir Abu al Maati batzordeko presidenteak irregulartasun salaketak aztertu ostean egin ditu publiko emaitzak, eta Anai Musulmandarrek joan den igandean jakinarazitako datuak berretsi ditu.
"Kexa guztiak ondo miatu ditugu", azaldu du Samir Abu el Matti Hauteskunde Batzorde Goreneko presidenteak. Galdeketan erroldaren % 32,9ak hartu du parte.
Oposizioa, Konstituzio berriaren aurka
Musulmanak ez diren egiptoar gehienak biltzen dituen eta Konstituzio berria ukatzen duen Nazio Salbaziorako Fronteak (NSF) iruzur kasu nabariak izan zirela jakinarazi zuen joan den igandean.
Galdeketan ezezkoa bozkatzea eskatu zuen NFSk, horien ustez Konstituzioaren zirriborroa idaztearen ardura islamisten eskuetan egon baitzen. Gainera, oinarrizko hainbat eskubide galarazi eta legearen irakurketa islamiarra bultzatzen duela uste dute.