Mundua -
Erreferenduma
Egiptok Konstituzioaren zirriborroa babestu du
Parte-hartzaileen % 64k onartu du Konstituzioa. Hala ere, ez dirudi erreferendumaren emaitzak herrialdea baretuko duenik; izan ere, erabat zatituta dago.
Erredakzioa
Egiptok hauteskundeetako bigarren itzulian Konstituzioaren zirriborroa babestu duela ziurtatu du bertako prentsak.
"Al Ahram" egunkari ofizialak adierazi duenez, parte hartu duten 16,2 milioi egiptoarren (% 31,62) 10,3 milioik baiezkoaren eta 5,8 milioik ezezkoaren alde egin dute
Anaia Musulmanek ere baiezkoaren garaipena berretsi dute eta euren datuen arabera, bozen % 71 lortu dute.
Lehen itzulia orain astebete egin zuten eta parte-hartzaileen %57k zirriborroa babestu zuen. Aurka bozkatu zuten bi probintzia bakarrak Gharbia (% 52) eta Kairo (% 57) izan ziren.
Komunikabideen iragarpenek Anaia Musulmanen datuak berretsi dituzte eta bigarren itzulian bozen % 71 eskuratu ostean, denera, bi itzuliak kontuan hartuta, Konstituzioaren zirriborroa bozen % 63,8rekin babestu dute.
Hilaren hasieran Biltzar konstituziogileak Mohamed Mursi presidenteari Konstituzioaren zirriborroa eman zionetik, liskarrak izan dira nagusi aldekoen eta kontrakoen artean.
Oposizioak ezezkoaren alde bozkatzeko deitu zuen, testuak egiptoarren berdintasunaren aurka egiten duen joera islamiarra duela iritzita.