Ume lapurtuak -
Ikerketa
Ume lapurtuen ustezko kasuak argitzeko irizpideak bateratu dituzte
Zer gertatu zen argitzeko bidea eta ustezko gurasoen eta seme-alaben arrasto genetikoak erkatzeko prozedura erraztea da Justizia Ministerioaren helburua.
Erredakzioa
Justizia Ministerioak ume lapurtuen ustezko kasuak argitzeko irizpideak eta, batez ere, gorpuzkirik ba ote dagoen jakite aldera indusketa egiteko irizpide teknikoak bateratuko dituen gida bat aurkeztu du.
Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendari nagusiak azaldu duenez, zer gertatu zen argitzeko bidea eta ustezko gurasoen eta seme-alaben arrasto genetikoak erkatzeko prozedura erraztea da Ministerioaren helburua.
Conderen ustez, emaitza zuzenak lortzeko "ezinbestekoa" da gorpuzkiak hobitik ateratzean zehaztasun zientifiko handia izatea.
Gida hori autonomi erkidego guztietara bidaliko dute Medikuntza Institutuek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Fiskaltzak kontuan izan dezaten, horren esanetan.
Gloria Vallejo Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionaleko zuzendariak esan duenaren arabera, topatzen dituzten gorpuzkiekin azterketa antropologiko bat egingo dute lehenengo. Azterketa horrek hobian hezurrak dauden eta horiek gizaki batenak diren eta zenbat urte dituzten zehaztuko du.
2011ko maiatzetik, Toxikologiako eta Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionalak identifikazio genetikoa egiteko 104 eskakizun jaso ditu, eta horietako 52ri azterketa antropologikoa egin diete.
Hobietatik ateratako gorpuzkiak aztertuta, 49 txosten egin dituzte, eta gorpuzki horien eta gurasoen arrastoak bat zetozela ondorioztatu dute gehienek.
Espainian, guztira, 2.000 salaketa jarri dituzte, 40ko eta 90eko hamarkaden artean ustez lapurtu zituzten umeen auziak argitzeko.