Saretzen -

Saretzen

Zure udalerria "pet friendly" al da? Ikus ezazu hemen

Etxeetan maskotak ugaritu direnez, hazi egin dira animalia horientzako zerbitzu espezializatuak. Era berean, gero eta hotel gehiagok onartzen dituzte txakurrak eta etxeko katuak beren establezimenduetan.

Pablo Muñoz Gabilondo: ''Euskal Herria nahikoa ongi prestatuta dago maskotekin bidaiatzeko''

3:11

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maskotak ugaritu egin dira azken urteotan gure udalerrietan eta, fenomeno horrekin batera, gero eta saltoki eta zerbitzu gehiago dago euren beharrak asetzeko. Eustatek eskainitako datuen arabera, Euskadin maskotentzako produktuetan espezializatutako 101 establezimendu daude gaur egun, eta eskaintza horri hipermerkatuak, supermerkatuak eta beste txikizkako denda batzuk gehitu behar zaizkio, euren linealetan animaliak zaintzeko produktuak sartu baitituzte.

Era berean, etxeetako maskota-kopuru handiak albaitaritza-zerbitzuak ere bultzatu ditu. Euskadin eta Nafarroan, gaur egun, 1.458 albaitari daude; horietatik 929k Euskadin jarduten dute, eta 529k Nafarroan. Euskadik % 24ko igoera izan du elkargokide diren profesionalen kopuruan azken hamarkadan, eta zifra hori bat dator Estatuan ikusitako hazkundearekin. Aldiz, Nafarroan % 10eko igoera izan da aldi berean.

Hala eta guztiz ere, albaitaritza-establezimendu espezializatuei dagokienez, Euskadin dagoen kopurua egonkor samar mantendu da azken hamarkadan, eta 316 lokal daude gaur egun. Dena dela, elkargokideen gorakada ikusita, litekeena da zentro horietako askok beren jarduerak birbideratu eta batez besteko tamaina handitu izana, bai langileei dagokienez, bai eskainitako zerbitzuei dagokienez, gero eta handiagoa den eskaerari erantzuteko.

Establezimenduen kokapenari eta banaketari dagokionez, beheko mapan ikus daitekeenez, biztanleria eta, ondorioz, maskota gehien dagoen eremuetan pilatzen dira horiek, hiriburuen inguruetan batez ere.

Gizarte abegikorragoa maskotekin

Maskotekiko abegikortasuna hotelen sektorera ere zabaldu da, eta, horri esker, gero eta establezimendu gehiagotara doaz bidaiariak haien txakurrekin eta etxeko katuekin batera oporretan. Euskadin eta Nafarroan, gaur egun ia 140 hotelek onartzen dituzte animalia horiek, hau da, hotel-establezimenduen % 28,61ek eta % 40,8k, hurrenez hurren. Euskadin, 99 hotel dira pet friendly edo maskotekiko lagunkoiak, hiru lurraldetan honela banatuta: 17 Araban, 43 Bizkaian eta 39 Gipuzkoan.

Nafarroak, aldiz, maskotak onartzen dituzten 38 hotel ditu. Horietatik 7 Iruñean daude, eta gainerako 31ak 23 udalerritan daude banatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Animaliak azken ordukoa