Saretzen -
Datuen azterketa
Immigrazioa aztergai, Saretzen proiektuaren bigarren atalean
EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak datu kazetaritza jorratu dute beste behin Saretzen proiektuaren baitan.
EITB Media
Hego Euskal Herriko immigrazioa izango du aztergai apirilaren 5ean argitaratuko den Saretzen proiektuaren bigarren atalak. 2002tik 2021era atzerritik etorritako lagunen jatorria, urte horietan izandako hazkundea eta helmuga aztertu dituzte EITBk eta TOKIKOMek elkarlanean, baita atzerritar jatorriko lagunek gure ekonomian duten eragina ere.
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako datuak erabili dira lan hau egiteko, eta horiek aztertzeaz gain, immigranteen istorioak eta bizipenak ere jaso dira hainbat formatutan.
Datu kazetaritza, elkarrekin eta elkarlanean
EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak 2022an jarri zuten abian Saretzen proiektua, elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko.
Lehen argitalpenean, 2001-2021 aldiko Hego Euskal Herriko demografia datuak landu zituzten EITBko eta TOKIKOMeko hedabideek, nork bere esparrura, ezaugarrietara eta eremura egokituta.