Saretzen -
Saretzen
Non bizi dira atzerritar jatorriko pertsonak gurean?
Orokorrean, hiriburuek hartu dituzte atzerritarren kopuru handienak, inguru horiek eskaintzen baitute aukera gehien lanari eta garraioari dagokionez. Hala ere, Hego Euskal Herriko udalerri guztiek hartu dituzte atzerritik etorritako auzokide berriak azken bi hamarkadotan.
I. R. | EITB MEDIA
Hego Euskal Herriko biztanleriak gora egin du azken 20 urteetan immigrazioari esker. Atzerritarrak bertoko ekonomiak erakarrita etorri dira gurera, eta lan-eskaintzaren, sareen eta garraio-komunikazio egokiak dituzten eremuetan kokatu dira gehienbat. Kontuak horrela, hiriburuetan ematen dira baldintza horiek batez ere, eta horietan bizi dira atzerritar gehien. Hala ere, tokian toki eta jatorriaren arabera, gurera etorritako gizon-emakumeak Hego Euskal Herriko txoko guztietara hedatu dira. Jakin nahi duzu zer nolako egoera dagoen zure inguruan? Bilatu zure udalerria ondoko taulan edota mapan.
Informazio hau egiteko, EITBk eta Tokikomek Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako (INE) udal-erroldei buruzko datu demografikoak bildu, prozesatu eta aztertu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako datu guztiak deskargatu dira, eskualdeka eta udalerrika banatuta, 2002tik 2021era; azken urte hori erakundeak 2022ko urtarrilaren 1ean argitaratutako erroldei buruzko datuei dagokiena izan da.
Immigrantearen jatorria zehazteko, INEk pertsona horien jaioterriak jasotzen ditu, herrialde bakoitzeko komunitate handietan multzokatuta. Hala ere, kasu batzuetan ezin izan da identifikatu jaiotzaren leku zehatza, eta, beraz, jatorrizko kontinentearekin batera katalogatu dira “Besteak” atala zehaztuta.
Datuak antolatu ondoren, immigrazioaren joerak eta bilakaerak identifikatzeko aztertu dira, bai nazio-mailan, bai toki-mailan. Prozesu horretan, hainbat bistaratze egin dira balizko istorioak aurkitzeko. Gainera, ikuspegi osoagoa lortze aldera, elkarrizketak egin dira askotariko adituekin.