Saretzen -
Saretzen
Hego Euskal Herriko biztanleriaren % 12,7 atzerritar jatorrikoa da
XX. mendean atzerritik etorritako gizon-emakumeen kopurua anekdotikoa izan bazen ere, 2000tik aurrera gurera etorritako migratzaileen kopuruak gora egin du etengabe, hemengo ekonomiak hauspotuta. Amerikar jatorria dutenak dira nagusi Hego Euskal Herrian, emakumeak gehienbat.
I. R. | EITB MEDIA
Hego Euskal Herriko biztanleriaren hazkundea estuki lotuta egon da azken bi hamarkadetan migrazioarekin; izan ere, atzerritik gurera etorritako gizon-emakumeei esker egin du gora hemengo populazioak. 2002an, 112.147 atzerritar zeuden erroldatuta EAEn eta Nafarroan, biztanleriaren % 4,1 osatuz; 2021ean, berriz, 365.705 gizon-emakume ziren, hau da, populazio osoaren % 12,7, Espainiako Estatistika Institutuko (INE) erroldako azken datuen arabera (2022).
Euskal gizarteak, beraz, hogei urte baino gehiago daramatza Espainiako Estatutik kanpoko migratzaileak jasotzen, eta bertoko udalerrietan badira oso errotuta dauden atzerritarrak, baina baita iritsi berriak ere.
Migrazio-fluxuak gorabeheratsuak izan dira azken urteetan, eta estuki lotuta egon dira garaiko egoera ekonomikoarekin; kontuak horrela, 2002-2008 arteko oparoaldian eta 2014-2020 arteko susperraldi ekonomikoetan iritsi ziren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroara migratzaile gehien.
2000ko hamarkadaren aurretik, migratzaileen etorrera anekdotikoa zen Hego Euskal Herrian, inguruko beste lurraldeetan ez bezala; tantaka erroldatzen ziren euskal udalerriren batean. Hala ere, garai horretan euskal ekonomiak bizi izan zuen oparoaldiak atzerritarren joan-etorriak hauspotu zituen, 2011n goia jo arte, 274.599 atzerritar zenbatu baitziren gurean erroldatuta. Garai horretan, Hego Amerikatik eta Europatik etorritakoak izan ziren nagusi.
2008an hasitako mundu mailako krisialdiarekin, hemengo ekonomia moteltzen hasi zen eta, hurrengo urteetan, etorrera-fluxuaren erritmoa baretu egin zen nabarmen, atzerritar kopuruak gora egiten jarraitu zuen arren. Hala ere, 2012tik aurrera, krisia EAEko eta Nafarroako ekonomia gogor kolpatzen hasi zenean, atzerritarrak Hego Euskal Herritik alde egiten hasi ziren, hegoamerikarrak batez ere. Aitzitik, Asiatik eta Afrikatik etorritakoek gora egiten jarraitu zuten, Magreb aldekoek bereziki.
Susperraldiarekin, 2014tik aurrera, migrazio-fluxuak berraktibatu egin ziren, modu arinean hasieran baina indartsu hamarkadaren bigarren erdialdean, covid-19aren pandemiak bete-betean kolpatu gintuen arte. Aldi horretan, hegoamerikarrak hasi ziren etortzen berriro ere, baina, 2020tik aurrera, itxialdiarekin eta osasun krisiarekin batera, joan-etorriak gelditu egin ziren beste behin. Hala ere, immigrazioa egitate estruktural bat da gurean, eta Hego Euskal Herriak atzerritarrak jasotzen jarraituko du datozen urteetan ere.
Nafarroa, atzerriko biztanleria gehien duen lurraldea
2002tik 2021era, Nafarroa izan da Hego Euskal Herrian atzerritar jatorriko biztanleria kopuru handiena izan duen lurraldea, eta Bizkaia txikiena. 2002an Nafarroan erroldatutako bizilagunen % 7,7 jaio zen atzerrian; 2021ean, berriz, % 16,8. Bizkaian, aldiz, datuok nabarmen txikiagoak dira, % 3,1 eta % 10,9 baitira, hurrenez hurren. Hala ere, termino absolutuetan, egoera irauli egiten da Hego Euskal Herrian, Bizkaian bizi baita atzerritar kopuru gehien, Nafarroaren aurretik (+13.413); aitzitik, Araba da atzerritar gutxien duena, Gipuzkoaren erdia (-38.584).
Atzerriko komunitate handienak: Maroko, Kolonbia, Ekuador eta Errumania
Orokorrean, Hego Amerikako gizon-emakumeak dira nagusi gurean, baina azkenengo urteotan Marokotik, Kolonbiatik eta Errumaniatik etorritako migratzaileak areagotu dira gehien; Ekuadorkoekin batera, Hego Euskal Herrian bizi diren atzerriko komunitate handienak dira.
Orain 20 urte, 2002an, ekuadortarrak ziren gehiengoa gurean, Kolonbiatik etorritakoen aurretik. Bi hamarkada igarota, lehenengo komunitateak ez du gehiegi egin gora; kolonbiarrak, berriz, bikoiztu egin dira.
Hego Euskal Herrirako migrazio-fluxuak askotarikoak izan diren heinean, horien isla dira gurean erroldatuta dauden gizon-emakumeen jatorria. 2000ko lehenengo hamarkadan, Amerikan eta Europan jaiotakoak ziren nagusi, alde handiarekin, baina, urteak igaro ahala, jatorrizko herrialdeen pisua aldatuz joan da. 20 urteotan, Amerikatik etorritakoen kopurua % 45etik gora mantendu da sistematikoki, urtearen arabera gorabeherak izan arren; europarren kopuruak, aldiz, lehenengo hamarkadan gora egin arren, bigarren aldian pisua galtzen joan dira etengabe, eta, 2019tik aurrera, afrikarrek eskuratu dute podiumeko bigarren lekua.
Lurraldez lurralde, jatorri-eremuaren pisua aldatzen da, eta bi joera ikus daitezke: Gipuzkoan, amerikarrak dira nagusi, eta jarraian kokatzen dira europarrak eta afrikarrak; Araban, Bizkaian eta Nafarroan, berriz, afrikarrak kokatzen dira bigarren mailan, europarren aurretik. Horren harira, nabarmena da afrikarren pisua atzerritarren komunitatean Araban, % 31 osatzen baitzuten 2021ean, 20 urte lehenago baino zazpi puntu gehiago.
Atzerritarren profila, emakumea eta amerikarra
2000ko lehenengo hamarkadan gurean bizi ziren atzerritar gehienak gizonezkoak baziren ere, 2013tik aurrera, gutxigatik bada ere, emakumezkoak dira nagusi (% 51,99, 2021ean). Hala ere, lurralde eta jatorriaren arabera, banaketa hori aldatu egiten da: Afrikan eta Asian jatorria dutenen artean gizonezkoak dira gehien, baita Europakoen artean ere, baina ia-ia parekatuta daude azken talde horretan. Datuak lurraldez lurralde bereizita, alde hori bereziki nabarmena da Bizkaian eta Nafarroan, 10 atzerritarretik 6 baino gehiago gizonezkoak baitira afrikar jatorrizkoen artean. Aitzitik, Hego Euskal Herrian erroldatuta dauden amerikarren kasuan, atzerritarren % 60 inguru emakumezkoak dira.
Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, desberdintasun horiek euskal gizartearen premiek azaltzen dituzte. Izan ere, gure lan-merkatuan sartzeko aukera motak zehaztuko du atzerritik datorren pertsona bat leku batean edo bestean bizitzea.
Metodologia
Informazio hau egiteko, EITBk eta Tokikomek Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako (INE) udal-erroldei buruzko datu demografikoak bildu, prozesatu eta aztertu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako datu guztiak deskargatu dira, eskualdeka eta udalerrika banatuta, 2002tik 2021era; azken urte hori erakundeak 2022ko urtarrilaren 1ean argitaratutako erroldei buruzko datuei dagokiena izan da.
Immigrantearen jatorria zehazteko, INEk pertsona horien jaioterriak jasotzen ditu, herrialde bakoitzeko komunitate handietan multzokatuta. Hala ere, kasu batzuetan ezin izan da identifikatu jaiotzaren leku zehatza, eta, beraz, jatorrizko kontinentearekin batera katalogatu dira ?Besteak? atala zehaztuta.
Datuak antolatu ondoren, immigrazioaren joerak eta bilakaerak identifikatzeko aztertu dira, bai nazio-mailan, bai toki-mailan. Prozesu horretan, hainbat bistaratze egin dira balizko istorioak aurkitzeko. Gainera, ikuspegi osoagoa lortze aldera, elkarrizketak egin dira askotariko adituekin.