Saretzen -
Saretzen
Ze aldaketa demografiko egon da zure herrian?
Hego Euskal Herriko demografian aldaketa handiak izan dira azken bi hamarkadetan, baina egoera ez da berdin aldatu lurralde, eskualde eta udalerri guztietan.
EITB Media
Azken 20 urtean aldaketa garrantzitsuak izan dira Hego Euskal Herriko demografian. Bilakaera, ordea, ez da berdintsua izan toki guztietan. Lurralde, eskualde eta udalerri bakoitzean joera desberdinak identifikatu daitezke. Nola aldatu da zure inguruko demografia?
Araba da ehunekoei begira bere demografia gehien handitu duen lurraldeetako bat, % 16ko hazkundearekin 20 urtean. 45.500 lagun pasatxo gehiago bizi ziren iaz bertan 2001. urtearekin alderatuta, baina, non kokatu dira pertsona horiek guztiak?
Arabar berri gehienak Lautada eskualdean ezarri dira, Gasteiz hiriburuaren inguruan. Izan ere, inguru horretara joan dira bizitzera 38.000 pertsona baino gehiago. Hala ere, portzentualki, euren burua gehien handitu diren eskualdeak Gorbeialdea eta Añana izan dira.
Bizkaiak hazkunde txikia izan du azken bi hamarkadetan, % 2 eskasekoa. Igoera txikia izan bada ere, Hego Euskal Herriko lurralderik populatuena izaten jarraitzen du, 1,1 milioi pertsona baino gehiagorekin.
Lurralde horretan, bilakaera demografikoak bestelako bide bat hartu du gainontzeko lurraldeekin alderatuta; izan ere, tokiko hiriburuak eta horren metropoli-inguruak, orokorrean, auzokideak galdu dituzte, inguruko eskualdeen mesederako. Are gehiago, herritarrak galdu dituen hiriburu bakarra da Bilbo.
Gipuzkoak % 7 handitu du bere populazioa 2001etik 2021era. Hau da, orain 20 urte baino 46.453 gizon-emakume gehiago bizi dira lurralde horretan.
Bilakaera orokorrarekin batera, tokiko eskualde guztiek pilatu dituzte auzokide gehiago urtez urte. Hala ere, lurralde horretan bi fenomeno hauteman daitezke: 2000ko lehenengo hamarkadako "ihesaldia" Debabarrenan eta Debagoienan, eta bigarren desazkunde gogorra, bat-batekoa, 2021ean Debabarrenan, Debagoienan, Donostialdea, Goierrin eta, hein txikiago batean, Tolosaldean.
Nafarroa biztanle gehien batu dituena da; 20 urtean % 19 areagotu du bere populazioa, hau da, 556.263 nafar izatetik 661.537 izatera igaro dira.
Eskualdez eskualdeko bilakaera askotarikoa izan da; halere, nabarmentzekoa da 2013. urtea, inguru askotan hazkundea moteltzen hasi baitzen, edo, zuzenean, desazkunde-prozesu bati hasiera eman baitzion.