Saretzen -
Saretzen
Nola aldatu da Araba 20 urtean?
Portzentajeei dagokienez gehien hazi den lurraldeetakoa da Hego Euskal Herrian, Nafarroaren atzetik. Gainera, adineko pertsonen kopuruak nabarmen gora egin duen arren, gazteak ere areagotu egin dira.
I. R. | EITB MEDIA
Araba da ehunekoei begira bere demografia gehien handitu duen lurraldeetako bat Hego Euskal Herrian, Nafarroaren atzetik, % 16ko hazkundearekin 20 urtean. 45.500 lagun pasatxo gehiago bizi ziren iaz bertan 2001. urtearekin alderatuta, baina, non kokatu dira pertsona horiek guztiak?
Kasu honetan, arabar berri gehienak Lautada eskualdean ezarri dira, Gasteiz hiriburuaren inguruan. Izan ere, inguru horretara joan dira bizitzera 38.000 pertsona baino gehiago, eta, ondorioz, eskualde horretako biztanleria % 16,88 handitu da. Hala ere, portzentualki, euren burua gehien handitu diren eskualdeak Gorbeialdea (% 33,45) eta Añana (% 29,22) izan dira.
Bilakaerari dagokionez, eskualdeen joera berdintsua izan da: hazkundea 2000ko lehenengo hamarkadan, desazkundea bigarren hamarkadaren lehenengo erdialdean eta hazkundea berriro ere azkenengo urteetan. Hala eta guztiz ere, bi fenomeno nabarmentzen dira lurralde honetan. Lehenengoa, lautadaren ia-ia hazkunde etengabea, bi urtetan izan baitu desazkundea, azkena, 2021ean, Aiaraldeak bizi izan duen bezalaxe. Bigarrena, Mendialdea, 2013tik 2016ra biztanleria galdu duen eskualde bakarra izan baita, eta, kontrara, 2021ean hazkunde izugarria izan baitzuen, Gorbeialdeak bezala.
Udalerriei erreparatuta, zein izan da gehien hazi dena? Gasteiz, Dulantzi, Iruña Oka eta Agurain. Logikoa denez, hiriburua izan da populazio gehien batu duena, 33.157 biztanle gehiagorekin; halere, portzentualki, Dulantzi izan da hazkunderik handiena izan duena, auzokide kopurua ia-ia bikoiztu egin baitu hogei urtean (% 96,9).
Kontrako aldean, nabarmentzekoa da Laudiok izan duen bilakaera, herritar gehien galdu dituen udalerri gisa. Izan ere, 2021ean duela 20 urte baino 428 laudioar gutxiago zegoen, hau da, % 2,32 gutxiago.
Tokiko biztanleriaren erradiografia
Arabarren adin-tarteari erreparatuz gero, ikus daiteke biztanleria nabarmen zaharkitu dela, 60 urtetik gorakoen kopurua % 59 areagotu baita. Hala ere, 20 urtez azpikoak ere areagotu dira, % 27 gora egiteraino. Hala, Araba da Hego Euskal Herriko lurralderik gazteena, Nafarroaren atzetik.
Eskualdez eskualde, 2001ean Lautada zen biztanleriarik gazteena zuena, baina, 20 urte geroago, Arabako Errioxak izan zuen populaziorik gazteena, herritarren ia % 20a kokatu baitzen 20 urtetik beherakoen adin-tartean. Halere, herriei dagokienez, 2001ean, Dulantzi, Samaniego eta Zuia udalerriek zuten biztanleriarik gazteena; 2021ean, aldiz, Urizaharra, Dulantzi eta Agurain izan ziren udalerri gazteenak.
2018tik aurrera heriotza gehiago dago jaiotzak baino
Orokorrean, lurralde historikoak jaiotza gehiago izan ditu heriotzak baino, populazioaren saldoa positiboan utzita; hau da, jaiotzei esker gora egin du biztanleriak. Hala ere, 2018an, jaiotza-heriotza kopuruak berdindu egin ziren, eta, hortik aurrera, jende gehiago hil da, ordezkapenik gabe.
Baina, zelakoa izan da joera hori eskualdeetan? Eta udalerrietan? Bada, joera gorabeheratsua da eskualdearen arabera, eta, esaterako, Añanan eta Mendialdean, ia-ia bi hamarkadetan, heriotza gehiago egon da jaiotza baino, hein txikiago batean, baita Arabako Errioxan ere. Aldiz, Gorbeialdean eta Lautadan, jaiotza gehiago izan dira heriotzak baino, ia-ia urte guztietan, 2017 eta 2019. urteetara arte, hurrenez hurren. Urte horietan, joerak irauli ziren bi eskualdeetan. Aiaraldean, berriz, bi aldagaien arteko balantzea aldakorra izan da bi hamarkadotan urtez urte; hala ere, 2017tik, joera izan da gero eta jaiotza gutxiago izan direla bertan, heriotzak areagotu diren bitartean.
Herrien kasuan, Armiñon izan zen jaiotza-tasarik altuena izan zuena 2001ean, tokiko biztanleria % 3,9 handitu baitzuen urte hartan izandako lau jaiotzekin. Aldiz, 2021ean, Kripan izan zen jaiotza-tasarik altuena izan zuena, % 1,42. Datu absolutuei begiratuta, hala ere, udalerri handienak izan dira jaiotza kopuru gehien izan dituztenak, 2001ean zein 2021ean, hala nola Gasteiz, Laudio eta Amurrio, hurrenez hurren. Heriotzen kasuan, logikoa denez, halaxe gertatzen da baita ere; izan ere, zenbat eta populazio ugariagoa izan, orduan eta jaiotza eta heriotza gehiago izango dira udalerri horretan, termino absolutuetan. Portzentualki, heriotzen kasuan, Samaniego (% 4,08), Lagran (% 2,07) eta Iekora (% 1,89) izan dira biztanle gehien galdu zituztenak 2001ean; 20 urte beranduago, berriz, Samaniego (% 3,08), Bernedo (% 2,21) eta Harana (% 2,09) izan ziren heriotza gehien jasan zutenak.
Immigrazioa, heriotzek eta emigrazioek utzitako hutsunea betetzeko
Herrialde honetako migrazio-fluxuek Lautadan bizi izandako fenomenoek baldintzatzen dute, orokorrean. Izan ere, Lautadan, eta bereziki Gasteizen, bizi izandako joan-etorriek, hau da, emigrazioek eta immigrazioek, eragina izan dute Arabako bilakaera demografikoan. Hala, orokorrean, ikus daiteke Arabatik joandako gizon-emakumeen kopurua beti izan dela gurera etorritakoena baino txikiagoa, 2012an izan ezik. Urte horretan, bai Lautadan, eta, ondorioz, baita Araban ere, emigrazioak gehiago izan ziren immigrazioak baino.
Eskualdez eskualde, baina, joera ezberdina izan da, gorabeheratsuagoa. Hala ere, denen artean, Mendialdean eta Añanan 2019tik 2021era arteko aldian bizi izandako joera-aldaketa nabarmendu beharra dago, emigrazioek goia jo baitzuten 2020an, hurrengo urtean apurka-apurka lehengoratzeko.
Eta, herriz herri? Zelakoa izan da bilakaera? Gasteiz, Laudio eta Amurrio izan dira 20 urteetan auzokide gehien galdu zituztenak, udalerria utzi eta beste lekuren batera joan zirelako; baina, era berean, kanpotik etorritakoen kasuan, halako pertsona gehien hartu dituzten udalerriak ere izan dira horiek, Iruña Okarekin batera.