Gizartea -
Vatikanoa
Frantzisko aita santua hil da, 88 urte zituela
Atzo eguerdian agertu zen azkeneko aldiz jendaurrean. San Petri basilikako balkoira atera zen, 'Urbi et Orbi' bedeinkapena ematera. Goizaldean buruko iktus batek jo du eta horrek koma egoera eta bihotzeko eta zirkulazioko akats sendaezinak eragin dizkio.
Agentziak | EITB Media
Frantzisko aita santua astelehen honetan hil da, goizeko 07:35ean Vatikanoko Santa Marta etxean (Erroma), 88 urte zituela. Hala jakinarazi du bideo batean Kevin Joseph Farrel kardinalak. "Min handiarekin, Frantzisko aita santua gaur hil dela jakinarazten dut. Erromako apezpikua aitaren etxera itzuli da. Jaungoikoaren eta Elizaren zerbitzura eman du bizitza osoa eta ebanjelioaren balioa erakutsi digu fideltasunez eta maitasunez, eta bereziki, txiroenen eta baztertuenen alde", esan du Farrelek.
Santa Martako kaperan grabatutako mezuan, Pietro Parolin Vatikanoko estatu-idazkaria, Edgar Peña Parra estatu-idazkari ordezkoa eta Diego Ravelli zeremonia-maisua ere agertu dira.
Vatikanoan akreditatutako kazetariek, 09:45ean jaso dute lehen abisua, Santa Martako kaperan egingo zen agerraldi baten berri emanez, eta handik gutxira zabaldu dute heriotzaren berria, bideo batean. Aipatutako lau arduradunak beltzez jantzita agertu dira, eta Farrelek hartu du hitza: karmalengoa izanda, berari dagokio egoera kudeatzea Aulki Hutsa izena hartzen duen aldian, hau da, aita santua hiltzen denetik berria izendatzen dutenera arte.
Arratsaldean, Vatikanoak jakinarazi du heriotza zerk eragin duen. Buruko iktus bat izan du eta horrek koma egoera eta bihotzeko eta zirkulazioko akats sendaezinak eragin dizkio.
"Krisi zerebrobaskularra, koma, kolapso kardiobaskularra. Horiek dira Frantzisko aita santuaren heriotzaren kausak", jakinarazi du Vatikanoak. Andrea Arcangeli Vatikano Hiriko Osasun Departamentuaren zuzendariak sinatu du heriotza-agiria.
Hileta xumeagoa
Berak hala erabakita, aurreko aita santuek baino hileta xumeagoa izango du Frantziskok. Iazko apirilean onartu zuen aita santuen hileten erritualak xumetzea, eta besteak beste, ez dira hiru zerraldo, katafalkorik ezta aita santuen makulurik egongo.
Horixe ageri da Ordo Exsequiarum Romani Pontificisen bigarren edizioan. Frantziskok apirilaren 29an onartu zuen argitalpena, eta azaroaren 4an jaso zuen bere eskuetan. Diego Ravelli aita santuen ekitaldi liturgikoen arduradunak azaroan azpimarratu zuenez, bigarren edizio bat egin behar izan zuten: "Frantzisko aita santuak erritu batzuk sinpletzea eta egokitzea eskatu zuen".
Bergoglioren nahia omen zen erritu berrietan are gehiago azpimarratzea aita santua "artzaina zela, Kristoren ondorengoa, eta ez mundu honetako boteretsu bat".
Erritualaren aldaketa handietako bat hobiratzean egongo da, Vatikanoko basilikan izan beharrean, Erromako Andre Maria Nagusian egingo baita.
Azken agerraldia, atzo
Eliza katolikoaren 266. aita santuak 12 urte egin ditu karguan. Azken hilabeteotan haren osasun egoerak gorabehera handiak izan ditu, eta behin baino gehiagotan utzi behar izan ditu ekitaldiak bertan behera.
Pneumonia bilateralak jota 38 egun Erromako Gemelli ospitalean egin ondoren, martxoaren 23an jaso zuen sendagiria. Ordutik, oso ahul, Santa Martako bere egoitzan zegoen. Atzo eguerdian agertu zen azkeneko aldiz jendaurrean. San Petri basilikako balkoira atera zen, 'Urbi et Orbi' bedeinkapena ematera Pazko egunez meza entzutera bildu zirenei.
Bere izenean, kardinal batek irakurri zuen homilia; Gazarako su etena eskatu zuen Frantzisko aita santuak, eta berrarmatzearen kontra azaldu zen, beste behin.
Frantzisko Aita Santua hil ondoren, hurrengo aita santua nor izango den asmatzeko "kinielak" zabaltzen hasi dira. Ez da iragarpen erraza baina hainbat berri agentziaren arabera, dagoeneko badira nabarmentzen diren hautagai batzuk.
Erreakzioak
Frantziskoren heriotzaren berria zabaldu orduko, bata bestearen atzetik ari dira heltzen erreakzioak, mundu zabaleko ordezkari politikoen ahotik. Ia aho batez, guztiek goratu dute bakearekin, gizarte justiziarekin eta herritar zaurgarrienekin zuen konpromisoa.
Besteak beste, Imanol Pradales lehendakariak Aita Santu zendu berriaren "ahots irmoa" nabarmendu du, eta hark "zaurgarrien, migratzaileen eta ingurugiroaren" alde egindako lanean jarri du azpimarra.
Ildo beretik, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere bere atsekabea agertu du heriotza dela eta, eta Frantziskoren "balioak" nabarmendu ditu: "bakea, justizia soziala eta elkarrizketa".