Gizartea -

LAPURTUTAKO HAURRAK

Irungo ospitale batean ustez lapurtutako semea aurkitu du andre batek, erditu eta 43 urtera

Emakumeak adingabea zela izan zuen umea, eta semea hil zitzaiola esan zioten. Artxibatutako kasua berriz ireki zuten Sevillako haur lapurtuen elkarte baten esku-hartzeari esker.

Maria del Mar 61 urteko emakumeak bere semea aurkitzea lortu du. Argazkia: EFE.
Maria del Mar (61 urte) bere etxean, Granadan, gaztaroko argazki batekin

Andaluziako emakume batek Irunen lapurtutako semea aurkitu du, 43 urtez bila aritu ondoren

0:39

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria del Mar Granadan bizi da eta 61 urte ditu. Adingabea zenean, orain dela 40 bat urte, Irungo (Gipuzkoa) ospitale batean erditu zen, eta lapurtu egin zioten seme jaioberria.

Kasua artxibatuta zeukaten, eta berriz ireki zuten Sevilla Bebés Robados elkartearen esku-hartzeari esker. Hamarkada luzez borroktu ostean amak helburua lortu du, baina tamalgarri deritzo du semeak, identifikatuta eta lokalizatuta, berarekin kontakturik nahi ez izateari. "Entzun eta gero erabaki dezala nahi dut", adierazi du hunkituta.

1981eko urriaren 28koan gertatu zen: Maria del Mar, adingabea zela, erditu egin zen, eta semea hilda eta malformazioekin jaio zela jakinarazi zioten. Hala ere, erizain batek haurra bizirik zegoela iradoki zion. Horrek piztu zion bizitza osoan buruan izan duen zalantza.

Urte batzuk geroago, telebistan antzeko kasuen berri entzun eta salaketa aurkeztu zuen. Orduko hartan kasua artxibatu egin zuten, baina 2021ean, Sevillako elkartearekin harremanetan jarri eta prozesuari berrekin zioten, froga berriei eta Juan de Dios Ramirez abokatuaren babes legalari esker.

Kasua berriro ireki eta gero, Maria del Marri haurraren desagerpenaren gaineko susmoa bizitu zitzaion. Irungo epaitegiak behin-behineko artxiboa baliogabetu zuen, eginbideei berrekin zien eta Maria del Marrek zein bere arrebak Granadatik bideokonferentziaz deklaratzea baimendu zuen. Hortik aurrera, ikerketa sakon bat bultzatu zuten, eta, horri esker, seme biologikoa aurkitu zuten; abokatuaren arabera, saldu egin zuten, eta, ondoren, beste familia batek adoptatu zuen.

Gaur egun, prozesu judizialak irekita jarraitzen du, inplikatutako pertsona guztien balizko erantzukizunak argitzeko asmoz, haurra adoptatu zuen ama eta amona biologikoa barne. Carmen Lorente Bebés Robados Sevilla elkartearen presidenteak azpimarratu du horrelako kasu asko demokrazian gertatu zirela, eta adierazi du tamalgarria dela instituzioek babesik ez ematea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ume lapurtuak Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak