Gizartea -

EGURALDIA

Bueltan da udazkena

Aste Santuaren atarian, eguraldi gris, fresko eta euritsua nagusituko da.

Irudia: EITB MEDIA
Irudia: EITB MEDIA

Irudia: EITB MEDIA

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udaberri beteko eguralditik, atzera udazkena. Eguraldiak joera horixe hartuko du Aste Santuaren atarian, euria eta eguraldi fresko eta grisa nagusituko dira.

Gaur, tenperaturak gora egingo du eta zaparradak botako ditu egunaren bigarren partean. Egunaren lehen partean euria egiteko probabilitatea txikiagoa izango da, hego-haizea ibiliko da eta giroa nahiko atsegina izango da; hodeitza saretuko da, eta ostarte zabalak izango dira lurraldeko leku askotan. Arratsaldean, aldiz, haizea iparraldetik finkatu, hodeiak ugaritu eta zaparradak egingo ditu, gehienbat hegoaldean eta ekialdean; eremu horietan trumoitsuak eta mardulak izan daitezke, batez ere Nafarroan. Egunsentia freskoa izango da, batez ere barnealdean, eta lainogune batzuk agertuko dira. Maximoak, berriz, zertxobait igoko dira, 17-18 ºC ingurura iritsi arte.

Asteartean udazken itxura hartuko du eguraldiak eta giro hotza eta hezea izango dugu. Haizeak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko du eta zakar ibiliko da, batez ere kostaldean. Zerua estalita egongo da eta zaparradak botako ditu, batez ere ipar partean; bertan trumoi-ekaitzak ere jo dezake puntualki. Tenperaturak behera egingo du eta elur-kota 1200 metro inguruan kokatuko da; gauean apur bat gehiago jaits liteke.

Asteazkenean, goizean lainoa eta lanbroa izango dira. Goizaldean zerua tarteka hodeitsu egongo da. Arratsaldean hodeiak ugarituko dira eta zerua hodeiek estalita geratuko da. Goizaldean Kantauri isurialdean prezipitazio txikia egingo du; zenbait tokitan, ertaina. Elur-kota 1.000-1.200 m-ra egongo da goizaldean; egunaren bigarren partean 1.500 m-tik gora igoko da. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da; arratsaldean iparosagaia finkatu eta ahul ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira eta maximoak gutxi igoko dira. Arabako zenbait tokitan eta mendi inguruetan izotz txikia egin dezake.

Ostegunean zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, batez ere arratsaldean eta gauean. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak nahikoa igoko dira. Arabako zenbait tokitan eta mendi inguruetan izotz txikia egin dezake.

Ostiralean, zaparrada txikiak egingo ditu. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada zakarrekin. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea argazkiak EAE Eguraldia Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak