Gizartea -
EGURALDIA
Abisu horia larunbat honetarako, arratsalde-gau partean euri-jasa egingo baitu
15:00etatik aurrera, zaparrada ertainak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan zaparrada mardulak eta trumoitsuak izatea eta txingorra egitea. Nafarroan, Errioxan eta Aragoin tamaina txikiko amildegi eta ibaiadarretan "bat-bateko ur-goraldi garrantzitsuak" egon daitezkeela ohartarazi dute.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du larunbaterako, 15:00etatik 00:00etara, prezipitazio handiak espero baitira. Aemetek berriz, 16:00etatik gauerdira ezarri du abisua Nafarroan. Ipar Euskal Herrian ere abisu horipean daude 15:00etatik gauerdira arte, ekaitz arriskuagatik.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak zehaztu duenez, ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago bota ditzake.
Larunbateko 15:00etatik aurrera, zaparrada ertainak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan zaparrada gogorrak eta ekaitsuak izatea, eta baita txingorra egitea ere; haize-bolada gogorrak izango dira, orduko 40-60 kilometrokoak.
Nafarroan, berriz, euria mardul botatzea espero da erdialdean eta Erriberan. Kazkabarra ere bota dezake, eta orduko 15 litro bota ditzake metro koadroko, gauen batez ere.
Aurreikuspen horien aurrean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (CHE) ohartarazi du "bat-bateko ur-goraldi handiak" egon daitezkeela Errioxako, Nafarroako eta Aragoi iparraldeko amildegietan eta ibaiadarretan.
CHEk adi egotea gomendatzen die herritarrei, eta www.aemet.es Meteorologiako Estatu Agentzian eta www.saihebro.com SAIH Ebron datu meteorologiko eta hidrologikoen bilakaera kontsultatzeko, bai eta www.chebro.es webgunean ere.
Era berean, gogorarazi dute Babes Zibileko Zerbitzuen gomendioei jarraitu behar zaiela beti.
Iganderako, giro grisa, zaparradak, tenperaturaren beherakada lurralde osoan eta ipar-mendebaldeko eta iparraldeko haize ahula ibiliko da, Euskalmetek iragarri duenez; egunaren zati handi batean, zerua estalita egongo da.
Astelehenean euria edo zaparradak egunaren bigarren partean espero ditugu. Egunaren lehen partean euria egiteko probabilitatea txikiagoa izango da eta hodeitza ere saretuago egongo da. Arratsaldean hodeiak ugarituko dira eta zaparradak egingo ditu, probabilitate handiagoarekin Nafarroan, non ekaitzak ere izan daitezkeen.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.