Gizartea -
MEMORIA HISTORIKOA
Nazien kontzentrazio-esparretan egon ziren nafarrak gogoratu dituzte Buchenwalden
Memoria eta Bizikidetza kontseilari Ana Ollo izan da Nafarroako Gobernuko ordezkarien artean. Bi pago landatu dituzte Buchenwalden, kontzentrazio esparru horretara zein beste zenbaitetara deportatutakoen omenez egindako "1.000 Buchen" (1.000 pago) ekimenarekin bat eginda.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuak nazien kontzentrazio esparruetan egon ziren 60 nafarrak oroitu ditu Buchenwalden (Alemania) —10 inguru sartu zituzten aipatu esparruan—.
Memoria eta Bizikidetza kontseilari Ana Ollo izan da Nafarroako Gobernuko ordezkarien artean. Bi pago landatu dituzte Buchenwalden, kontzentrazio esparru horretara zein beste zenbaitetara deportatutako pertsona guztien omenez egindako 1.000 Buchen (1.000 pago) ekimenarekin bat eginda.
Plaka bat ere jarri dute bertan, nafar horien omenez, Gobernuak berak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Asteburu osoan, esparru horren Memorialean egin dituzten ekitaldietako bat izan da gaurkoa, 80 urte bete baitira bertan egon ziren pertsonak askatu zituztenetik.
Ollok nabarmendu du garrantzitsua dela gazteek ere bat egitea diktadurek eta gerrek eragindako "gertaera latz" horien aitorpenean.