Gizartea -
Sua
Lehen zantzuen arabera, Gasteizko birziklatze-lantegiko sutea "ustekabekoa" izan da
Onaindia enpresa zabarkeriaz jardun duen ikertuko ote den galdetuta, Gasteizko Segurtasun zinegotziak erantzun du "jarduera mota hori Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen ingurumen-adierazpen batean araututa" dagoela, eta, beraz, "haiek zehaztu beharko dituzte" inguruabarrok.
Agentziak | EITB Media
Cesar Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotziak ziurtatu duenez, Gasteizko Onaindia birziklatze-lantegian izandako sutea "ustekabekoa" izan zen, eta "bat-bateko errekuntza" baten ondorioz piztu zen, lehen zantzuen arabera. Sua erabat kontrolatu dute, eta 24 orduren buruan behin betiko itzaliko dute.
Sutea asteartean piztu zen, 21:15ean, Artapadura kalean, hainbat hondakin mota birziklatzeko lantegi batean, eta ez zen zauriturik izan.
Fernandez de Landa gaur lehen orduan joan da birziklatze-lantegira, eta sutea itzaltzeko lanetan jarraitzen dute bertan. Zehaztu duenez, sutea "erabat kontrolpean da" eta, une honetan, "itzaltzeko prozesuan dago".
Badirudi hori eragin zuten arrazoiak ustekabekoak direla, suhiltzaileen lehen estimazioen arabera, atzemandako zantzuak direla eta, baina ikerketa eta ondoren txostena egingo dira. "Une honetan dirudi bertako hondakinen bat-bateko errekuntza batek piztutako ustekabeko sutea dirudi", azpimarratu du.
Zinegotziak azaldu duenez, pabiloian erre diren hondakinak industrialak dira, besteak beste, zurak, paletak, kartoiak, biltzeko plastikoak eta fabriketako sukaldeetakoak. "Onaindia baimendutako kudeatzailea da, eta mota horretako zaborrez arduratzen da", zehaztu du Fernandez de Landak.
2020ko uztaileko sutea
Bestalde, enpresak 2020ko uztailean beste sute bat izan zuela baieztatu du zinegotziak, nahiz eta orduan beste toki batean egon.
Enpresa zabarkeriaz jardun duen ikertuko ote den galdetuta, honako hau erantzun du: "Jarduera mota hori ingurumen-adierazpen batean dago araututa, eta adierazpen hori Eusko Jaurlaritzaren menpe dago"; beraz, inguruabar horiek "beraiek zehaztu beharko dituzte".
Ildo horretan, adierazi du Gobernuak langileak bidali dituela sutearen lekura, baina ez dakiela ikuskatzaileak edo kalitate kontrolekoak diren.
Airearen kalitatea
Airearen kalitateari dagokionez, ziurtatu du orain "ona" dela, nahiz eta gauean "partikulen kopuruaren igoera handia" izan zen, "batez ere, PM2,5 edo PM10 partikulena".
Hori dela eta, "lasaitasun mezu bat" bidali du Gasteizko zinegotziak, suaren ondorioz "usaina dagoen arren". "Partikulen kopuruak gora egin zuen, baina une honetan kalitate ona dago, eta leihoak ireki daitezke", erantsi du.
Bart gauean emandako gomendioa "badaezpada" eman zuten, bere hitzetan, "maila horiek gainditu zirelako" suhiltzaileek gomendatu baitzuten.
Cesar Fernandez de Landak esan du sutea "oraindik piztuta" dagoela, "hondakinen potentzia handi samarra delako" eta urak "ezin duelako beheraino iritsi". Hala ere, suhiltzaileek 24 orduren buruan behin betiko itzaltzea espero dute.
Azkenik, sutea pabiloi bateko 50 metroko eremu batean dagoela zehaztu du zinegotziak. Zutabeetako bat deformatu egin zen eta, ondorioz, goiko habe bat erori eta estalkiaren zati bat behera etorri zen. "Ez dirudi, itxuraz, egituran kalte gehiago dagoenik", gaineratu du.