Gizartea -

IDENTIFIKAZIOA

NAN digitala iritsi da: mugikorrean eskuragarri, aurrez aurreko akreditazioa jasotzeko

Bihartik aurrera, NANa telefono mugikorrean eraman ahal izango da, norbera hotel eta kontzertuetara joateko, eta autoak alokatzerakoan identifikatzeko. Hala ere, 2026ra arte ez du balioko Interneteko tramiteak egiteko.

NAN digitala. Argazkia: EFE
NAN digitala. Argazkia: EFE

NAN digitala. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartetik aurrera, herritarrek mugikorretako MiDNI izeneko aplikazio ofizialean "eraman" ahal izango dute nortasun agiria. Lehenengo fasean, NAN digitalak aukera emango du nortasuna aurrez aurre egiaztatzeko hotel-establezimenduetan, posta-bulegoetan, kontzertuetan eta egiaztapen pertsonala behar duten beste egoera batzuetan.

Egiazkoa dela bermatzeko, aplikazioak QR kode bat sortuko du, Espainiako Polizia Nazionalak sinatu eta zigilatutakoa, eta denbora errealean ziurtatuko du datuak zuzenak direla eta eguneratuta daudela. Gainera, banku-kontu bat irekitzeko, merkataritza-transakzio presentzialak egiteko eta botoa emateko balioko du.

Hala ere, formatu berria ezin izango da izapide telematikoetan erabili 2026ra arte. Trantsizio-aldi horretan, administrazio publikoek eta erakunde pribatuek beren sistemak egokitu beharko dituzte NAN digitala Interneteko identifikazio-metodo gisa onartzeko, baita beste herrialde batzuetako sinadura elektronikoko eta autentifikazioko eragiketetarako ere.

Barne Ministerioaren aurreikuspenen arabera, 2026an NAN digitala erabat erabilgarri izango da kudeaketa telematikoetan, sinadura elektronikoko eragiketetan eta Internet bidezko beste jarduera batzuetan nor bere burua identifikatzeko agiri gisa, hau da, "guztiz funtzionala" izango da.

Zertarako erabili daiteke NAN digitala?

Bihartik aurrera:

Hoteletan nor bere burua erregistratzeko.

Autoak alokatzeko.

Kontzertu eta ekitaldietara sartzeko.

Postetxean paketeak jasotzeko.

Aurrez aurreko administrazio-izapideak egiteko.

Banku-kontuak irekitzeko.

Aurrez aurreko salerosketak egiteko.

Notarioaren aurrean eskriturak sinatzeko.

Botoa emateko.

2026an:

Internet bidez izapideak egiteko.

Sinadura elektronikoa.

Bidaietan identifikazio-dokumentu elektroniko gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak