Gizartea -
Eguraldia
Eguzkia eta udaberri giroa, asteazkenera arte
Astelehen eta asteartean, giro eguzkitsua izango dugu, eta tenperaturak 20 ºC-tik gora izango dira. Asteazkenetik aurrera, lainotuago egongo da, eta euria ere egingo du, barnealdean bereziki.
EITB Media
Eguzkitsu eta epel hasi dugu astea, eta astearen erdialdera arte ez ditugu lainoak ikusiko berriro.
Astelehenean, tenperaturak nabarmen igoko dira, eta balio maximoak 20 ºC inguruan geratuko dira. Hala ere, goizean goiz, giroa hotza izango da, eta izotza egin dezake Arabako eta Nafarroako zenbait tokitan.
Goizean goiz, behe-lainoak eta hodei baxuak agertuko dira barnealdeko bailaretan, baina gainerakoan, zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da lurralde osoan.
Ipar-ekialdeko haize ahula ibiliko da, eta ziertzoak indarra galduko du Ebroko ibarrean.
Asteartean ere, eguzkitsu esnatuko da eguna. Gauean, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituko badira ere, egunsentiko behe-lainoak desegin ostean, zerua oskarbi egongo da. Haizea ahul ibiliko da, goizean hegoaldetik, tenperaturak beste koska bat igoaraziz: maximoak leku askotan 20 ºC-tik gora geratuko dira. Arratsaldean, iparretik joko du haizeak, ahul.
Asteartetik asteazkenerako gauean, hodeitza sartzen hasiko da hego-ekialdetik, eta nahiko estalita egongo da zerua, bereziki barnealdean eta ekialdean. Zaparradak bota ditzake, bereziki egunaren bigarren zatian eta barnealdean. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan; arratsaldean eta gauean, haizea zakartu egingo da.
Asteazkenean, tenperatura minimoetan ez da ia aldaketarik egongo, eta egotekotan, zertxobait igo daitezke. Maximoak, ordea, jaitsi egingo dira, gutxi kostaldean baina nabarmen gainerako tokietan.