Gizartea -
Trafikoa
N-634 errepidea itxi dute Itziar eta Deba artean, segurtasun arrazoiengatik
Inguru horretan lurra ezegonkor dagoelako erabaki dute errepidea ixtea. Ezponda egonkortzeko lanak egiten ari dira bertan, eta berriro abisua eman arte itxita egongo da. Bide alternatiboak hartzea gomendatu die gidariei Gipuzkoako Aldundiak.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du, segurtasun arrazoiak tarteko, N-634 errepidea itxi dutela, bi noranzkoetan, Itziar eta Deba artean. Errei biak itxi dituzte.
16:30ean itxi dute errepidea, eta berriro abisua eman arte ezingo dira ibilgailuak handik igaro. Hain zuzen ere, lurra erabat egonkortzen dutenean eta zirkulazioa segurua denean irekiko dute berriro errepidea.
Bide alternatiboak
Esan bezala, inguru horretan lurra ezegonkor dagoelako erabaki dute errepidea ixtea. Ezponda egonkortzeko lanak egiten ari dira bertan, eta berriro abisua eman arte itxita egongo da.
Bide alternatiboak hartzea gomendatu die gidariei Gipuzkoako Aldundiak, eta barkamena eskatu die sortutako eragozpenengatik.