Gizartea -
Araba
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, hainbat talderen arteko liskar bat izan ostean
Borroka Zaramaga auzoan gertatu da, eta bi gazte eta sei ertzain artatu behar izan dituzte osasun-langileek. Atxilotuei agintearen aurkako atentatua egotzi diete.
EITB MEDIA
Hiru pertsona atxilotu dituzte igande goizean Gasteizen, hainbat lagunen arteko borroka bat izan ostean, agintearen aurkako atentatua leporatuta, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Bi gazte eta sei ertzain artatu behar izan dituzte osasun-langileek.
Eguerdiko hamabiak eta laurden aldera, Ertzaintzak Zaramaga auzoan jazotzen ari zen liskar baten berri izan du. Antza, kristalezko botilak eta harriak erabiliz ari ziren borrokan. Herritarren babeserako patruilak bertaratu direnean, objektuak jaurti dizkiete, eta kristalezko botila hautsiekin eraso diete. Horren aurrean, hiru pertsona atxilotu dituzte, agintaritzaren aurkako atentatua egotzita.
Bi gazte zauritu dira, eta horietako bat Txagorritxuko Ospitalera eraman dute. Sei ertzainek ere osasun-zentro batera joan behar izan dute, hainbat kolpe jaso eta ebakiak zituztelako.
Antza denez, bi taldeetako kideen arteko eztabaida batek eragin du liskarra ostalaritza-lokal baten inguruan.
Ertzaintzak gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu du, eta oraindik ez du bukatutzat eman. Atxilotuak, 31 urteko emakume bat eta 22 eta 23 urteko bi gizon, epailearen esku utziko dituzte polizia-eginbideak amaitutakoan.