Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

64 urteko gizona emakumearekin harremanetan jarri zen, bere etxebizitzan garbiketa-lanak egiteko lana eskaintzeko. Etxea ikustera joan zirenean, emakumea ondoezik eta burua nahasirik sentitzen hasi zen, eta orduan egin zion eraso gizonak, biktimak behin eta berriz ezetz esan bazion ere.

Ertzaintza. EFEren artxiboko irudia.
Ertzaintza. EFEren artxiboko irudia.

Ertzaintza. EFEren artxiboko irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

64 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita. Emakumearekin harremanetan jarri zen, bere etxebizitzan garbiketa-lanak egiteko lana eskaintzeko.

Erasoa asteazkenean gertatu zen, erasotzailearen etxean, Gasteizen. Biktima lana bilatzen ari zen Interneteko plataforma baten bidez, eta etxean garbiketak egiteko lana eskaintzen zuen gizon batekin jarri zen harremanetan. Ostalaritza-establezimendu batean elkartu eta normaltasunez hitz egin ondoren, lana eskaini zuenak lanak egin behar zituen etxea ikusteko proposatu zion emakumeari.

Behin etxebizitzan, emakumea ondoezik sentitzen hasi zen, eta egoeraren perspektiba galtzen. Une horretan, gizona sexu-erasoa egiten hasi zitzaion, biktimak behin eta berriz ezetz esan arren. Biktima indarrik gabe eta shock egoeran geratu zen.

Bere onera etorri zenean, emakumeak bertatik alde egin zuen, hankartean mina zuela, eta hurrengo egunean Ertzaintzaren Gasteizko egoitzan salatu zuen gertatutakoa. Kasuaren ardura bere gain zuten agenteek egindako ikerketei esker, ustezko erasotzailea identifikatu zuten.  

Gizonak polizia-aurrekariak zituen antzeko gertakariengatik, bai Euskadin, bai Espainiako Estatuko beste probintzia batzuetan. Ostiaral arratsaldean, susmagarria etxean atxilotu zuten, ustezko sexu-eraso delitu bat egotzita.

Gaur goizean bertan utzi dute epailearen esku.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Tratu txarrak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa gaur Feminismoa Eraso sexualak gaur