Gizartea -
EKIMENA
Abenduaren 27an Bilbon batzeko deia egin du Kontseiluak "euskarak behar duen indarraldia gorpuzten hasteko"
Urteko batzar nagusian, euskararen normalizazioaren erronka nagusiak eta abenduko ekimenaren data aurkeztu dute Euskalgitzaren Kontseiluko bazkideek, eta larrialdi linguistikoari erantzuteko, euskararen biziberritzea agenda politiko eta sozialaren lehen lerrora ekartzea aldarrikatu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskalgintzaren Kontseiluak urteko batzar nagusia egin du ostiral honetan Iruñeko Kondestable jauregian, eta abenduaren 27an Bilbao Arena pabiloian milaka euskaltzale batzeko deia egin du, "euskarak behar duen indarraldia gorpuzten hasteko lehen urrats" gisa.
Urteko batzar nagusian, euskararen normalizazioaren erronka nagusiak eta abenduko ekimenaren data aurkeztu dute Euskalgintzaren Kontseiluko bazkideek, eta larrialdi linguistikoari erantzuteko, euskararen biziberritzea agenda politiko eta sozialaren lehen lerrora ekartzea aldarrikatu dute.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, euskara eta euskal hiztunen komunitatea "larrialdi linguistikoan" dauden arren, "euskalgintzako eragileok indartsu abiatu dugu urtea".
Gogoratu du apirilean "euskararentzat justizia eta justizia euskaraz" aldarrikatuko dutela Baionako kaleetan, maiatzean Euskaraldia egingo dela, eta abenduan euskal kulturaren topagune den Durangoko Azokak 60 urte beteko dituela.
Gainera, urte osoan zehar, euskaltegiek, hezkuntza zentroek, euskara elkarte eta aisialdi taldeek, askotariko erakunde, kirol elkarte, enpresa, eragile eta, orokorrean, milaka herritarrek "euskarari bizitza ematen" jarraituko dutela ziurtatu du.
"Eta kalean, etxean, plazan, egunkarietan, aldizkarietan, irrati-telebistetan, sare sozialetan eta mota guztietako kultur adierazpenetan, euskaraz bizitzeko eremu erosoak sortzeko eta elkarlotzeko lanak ez du etenik izango", gaineratu du.
Azken hamarkadetan euskararen biziberritzean egindako urratsak "ukaezinak" direla nabarmendu du, baina, hala ere, susperraldi ziklo hori "agortzen ari den zantzuak nabariak" direla datu soziolinguistikoetan eta horietatik abiatuta euskalgintza instituzional zein sozialetik azken urteetan egin diren diagnostikoetan.
Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, "asko dira kezkatzeko gertakari eta datuak", besteak beste, ezagutza erlatiboa apaltzen ari dela oraindik Ipar Euskal Herrian, Nafarroako ikasle berrien erdiek baino gehiagok ez dutela euskararekin harremanik izango beren ikasketa ibilbidean edota erabilera soziala jaisten ari dela eremu euskaldunenetan —arnasguneetan barne—.