Gizartea -
ABSOLUZIOA
Kataluniako Auzitegi Nagusiak absolbitu egin du Dani Alves, sexu-eraso delituagatik kondenatu ostean
Lau urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten 2022ko abenduan Bartzelonako Sutton diskotekan neska bat bortxatzeagatik. Emakumearen abokatuak iragarri du helegitea aurkeztuko duela absoluzioaren aurka, eta Fiskaltza epaia aztertzen ari da, Gorenean helegitea aurkeztu ala ez erabakitzeko.
Agentziak | EITB MEDIA
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko Apelazio Atalak aho batez baliogabetu du Dani Alves Bartzelonako jokalari ohiari 4 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion epaia, 2022ko abenduan Sutton diskotekan neska gazte bati sexu-erasoa egiteagatik ezarritakoa.
Auzitegiak aho batez onartu du futbolariaren defentsak aurkeztutako errekurtsoa, eta Fiskaltzarenak (zigorra 9 urtera igotzea eskatu zuen) eta akusazio partikularrarenak (12 urtera igotzea eskatu zuen) ezetsi ditu.
Salatzailearen testigantzan fidagarritasun falta dagoela jaso dute epaian, eta "froga-eskasiek" eraginda, epaia baliogabetzea, absoluzioa ebaztea eta kautelazko neurriak indarrik gabe uztea erabaki dute.
Emakumearen abokatuak: "Suttongo komunera itzultzen ari zela sentitu du"
Ester Garciak, Alves bortxaketagatik salatu zuen emakumearen abokatuak, iragarri du helegitea aurkeztuko duela futbolari ohiaren absoluzioaren aurka, eta azaldu du salatzailea "oso atsekabetuta eta triste" dagoela, eta "gertakariak jazo ziren komunera itzultzen ari zela sentitu du".
Hedabideei bere bulegoaren atarian egindako adierazpenetan, Garciak deitoratu du Alvesen absoluzioa "emakumeen indarkeriaren aurkako borrokan atzerapausoa" dela, "maila juridikoan zein sozialean", eta horrek sexu-erasoen biktimak ez salatzera bultza ditzakeela.
Fiskaltza Gorenera jotzea aztertzen ari da
Bartzelonako Fiskaltza futbolari ohia absolbitu duen epaia aztertzen ari da, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu ala ez erabakitzeko, Ministerio Publikoko iturriek jakitera eman dutenez.
Fiskaltzak helegitea jarri zuen Alvesi lau urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zion epaiaren kontra, eta Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak azkenean ebatzitakoaren kontra, zigorra bederatzi urtera igotzeko eskatu baitzuen.
Ministerio Publikoak, akusazio partikularraren ildo beretik, zalantzan jarri zuen epaitegiak Alvesi aplikatu zion kaltea konpontzeko aringarria, biktimari balizko kalte-ordain bat ordaintzeko 150.000 euro eman zizkiolako epaitegiari, baina biktimak ez zuen inoiz kalte-ordaina onartu.
Auzitegi Nagusiak absolbitu ostean, diru hori itzuli egingo diote futbolariari, eta baita aske uzteko fidantza bezala jarri zuen milioi bat euro ere.
Gainera, Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu futbolariari ezarritako kautelazko neurri guztiak; izan ere, bi pasaporteak kendu zizkion (brasildarra eta espainiarra), eta ostiralero Bartzelonako epaitegira joan behar zuen.
Horregatik guztiagatik, Ines Guardiola (Alvesen abokatua) pozik agertu da: "Errugabea da eta frogatu egin da". "Azkenean justizia egin da", gaineratu du.
Concha Roig Juezas y Jueces para la Democracia (JJpD) elkarteko bozeramaileordearen hitzetan, epaia "ausarta" da, "bere aurka jarritako helegite guztiei heltzen dielako, eta alegatutako arrazoi guztiei erantzun zehatza ematen dielako". Gainera, baztertu egin du ebazpenari genero-ikuspegia falta izana.
Irene Montero Berdintasun ministro ohiaren ustez, aldiz, Auzitegi Nagusiaren epaia "indarkeria instituzionalaren eta justizia patriarkalaren adibide argia da".
Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiaren esanetan, epaiak, "biktima babesik gabe uzteaz gain, mezu ikaragarria bidaltzen die emakume guztiei". "Justizia patriarkalari ez, indarkeria instituzionalari ez", idatzi du X sare sozialean.
Ana Redondo Berdintasun ministroak "emakumeen ahotsa etengabe ez zalantzan jartzeko" deia egin du. "Ezin da emakumeen ahotsa etengabe zalantzan jarri, eta bi bertsio daudenean gizonarena izatea gehien balio duena", aldarrikatu du ministroak. "Hori da gizarte gisa planteatu behar duguna", betiere "erabaki judizialekiko errespetua oinarrizko printzipioa" dela kontuan izanda.