Gizartea -
EGURALDIA
Tenperaturak behera eta zaparradak asteburuan, eta igande lehorragoa
Gaur iluntzean frontea sartuko da, larunbat eguerdira arte euria egingo du eta tenperaturek behera egingo dute. Iganderako, euri kontuak ia amaituko dira, lainotza desagertuz joango da eta tenperaturak igoko dira.
EITB Media
Asteburua hasteko, Euskalmeten iragarpenaren arabera, ostiral iluntzean fronte bat iritsiko zaigu, gauean hasi eta larunbat eguerdira arte. Larunbat arratsaldetik aurrera, atertzen hasiko da, eta iganderako, euri kontuak ia amaituko dira, lainotza saretzen joango da eta tenperaturak nabarmen igoko dira. Datorren asteari begira, giro eguzkitsu eta epela nagusituko da.
Ostiral gauean, fronte hotz bat iritsiko da. Goizean eta arratsaldeko lehen orduetan, isurialde atlantikoan, tarteka zirimiria egingo du, batez ere kostaldean; hodeitza ez da hain trinkoa izango, eta baliteke tarteka ostarteren bat irekitzea. Hegoaldean, aldiz, hodeitza saretuago egongo da, eta ateri egongo da. Alabaina, iluntzetik aurrera fronte bat gerturatuko da, eta eguna giro bustiarekin amaituko dugu, batez ere ipar partean.
Larunbatean, euria egingo du, batez ere goizean eta isurialde atlantikoan. Arratsaldean, euria modu sakabanatuagoan egingo du, eta isurialde mediterraneoan atertu egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, kostaldean biziago. Halaber, tenperatura maximoak ostiralekoak baino 2-3 ºC baxuagoak izango dira. Elur-kota 1.300 metro inguruan kokatuko da, eta Pirinioetan, 1.100 metro inguruan.
Datorren astean, astelehen goizean, lanbroa eta lainoa izango ditugu, eta tarteka hodeiak, eta haize ahul aldakorra, ekialdekoa nagusi. Tenperatura minimoak apur bat igoko dira, eta maximoek, berriz, gora egingo dute.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.