Gizartea -
USTELKERIA
Fiskaltzak 15 urte eta erdi eskatu ditu Villar Espainiako Futbol Federazioaren presidente ohiarentzat
Espainiako Futbol Federazioaren presidente ohia 2007 eta 2017 artean bere karguaz baliatu ote zen ikertzen ari dira, ingurukoei mesede egiteko kontratuak lortu omen zituen argitzeko. Besteak beste, selekzioaren hainbat partidarekin lotutako kontratuak semeari esleitu zizkion, ustez.
Agentziak | EITB MEDIA
Fiskaltzak 15 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioaren (RFEF) presidente ohiarentzat, 'Soule auzia'n, ustez, ustelkerian aritzeagatik; izan ere, 2007tik 2017ra bitartean lortutako kontratuak ikertu dituzte, eta 4,5 milioiko kaltea eragin diote erakundeari.
Helegitea aurkeztu dute zortzi inplikaturen aurka; tartean, presidente ohiaren semearen aurka, Gorka Villar, eta 7 urteko kartzela-zigorra eskatu dute bere aurka. Villarrek zenbait egun egin zituen behin-behineko espetxealdian, eta administrazio desleialeko, negozioetako ustelkeriako eta bidegabeko jabetza delituak leporatzen dizkiote, merkataritza-dokumentuak faltsutzeko delitu jarraitu baten bidez, eta milioi bat euro inguruko isuna ezartzea eskatzen dute.
Juan Padron Espainiako Futbol Federazioaren presidenteorde ohia ere akusatuta dago, eta 6 urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu dute bere aurka.
Auzi hori 2017an ireki zuten Auzitegi Nazionalean, oraindik ere Villar RFEFren buru zela (1988-2017), eta ikertu dute ea presidente ohia eta Padron 2007 eta 2017 artean ingurukoei mesede egiteko kontratuak lortu ote zituzten. Besteak beste, semeari Espainiako selekzioaren hainbat partidarekin lotutako kontratuak esleitu zizkion, ustez.