Gizartea -

Bilbo

EHUk "gaitzetsi" egin ditu ertzainei hitzaldiak ematea galarazi zieten protestak

Ekonomia eta Enpresa Fakultatean kriminologiari buruzko jardunaldi batzuk ziren egitekoak atzo, eta droga trafikoan eta ziberdelinkuentzian aditu diren hainbat ertzainen hitzaldiak zeuden aurreikusita. Protestan istiluak sortu ziren eta ertzain bat zauritu zen. Hitzaldiak bertan behera geratu ziren.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretza-taldeak "erabateko gaitzespena" adierazi du hiru ertzaini kriminologiari buruzko txostengile gisa esku hartzea eragozten saiatu zen gazte-talde baten jokabide dela eta, are, "jarrera antidemokratikoa" dakarten ekintza horiei erantzuteko "neurriak" aztertuko dituela iragarri du.

Errektoretzak adierazi du istiluak tamalgariak direla, eta "elkartasun osoa" adierazi dio zaurituari.

Gertakariak atzo jazo ziren, ELSA (The European Law Students' Association) ikasleen elkarteak antolatutako II. Kriminologia jardunaldien atarikoan. Jardunaldion helburua da unibertsitateko ikasleak praktika juridikoaren errealitatera hurbiltzea, arloko adituek emandako hitzaldien bidez.

Jardunaldiotan droga trafikoan, gazte-taldeetan eta ziberdelinkuentzian adituak diren ertzainek emandako hiru hitzaldi zeuden aurreikusita.

Hain justu, 40 bat gaztek bilkura egin zuten hitzaldiok egin beharreko aretoaren aurrean, eta Segurtasun Sailaren arabera, bertaratutakoei aretora sartzea eta bertatik irtetea galarazi zieten. Orduan jazo ziren istiluak, eta ponentziara entzule gisa joan den ertzain bati eraso zioten. Ustezko erasotzailea identifikatu zuen Ertzaintzak eta jardunaldiak bertan behera geratu ziren.

Atzoko gertakariez itaundu diote gaur Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. Salatu du protesta egin zutenek jardunaldiak egiteko "eskubidea ukatu" zietela ikasle antolatzaileei. "Uste dut EHUk bermatu beharko lukeela ikasleek antolatutako ekitaldiak normaltasunez egitea", erantsi du. Bestalde, agenteari buruz galdetuta, argitu du "une batean sortu zen tirabira baten ondorioz" zauritu zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak